Inuxente eguna baldin bada ere ondorengo dena benetan pentsatzen dudana dela garbi geratu dedila. Nere inozentzian edo xanidadean ateratako ondorio batzuk dira.
Gaur astebete bete da Santo Tomasak ospatu zirenetik. Aurten ere lanera joan behar izan det eta erdipurdi ospatu nuen eguna. Eguerdian pixkat eta arratsaldean beste pixkat eta talo bat.
Jende asko ibili zen Azpeitiko kaleetan barrena. Giro hotza eta festak behar duen berotasuna uztartu ziren. Plazan euskaldun ohitura zaharrak mantenduz ekitaldi dexente. Txorixorik ere ez zen falta: debaldekoak, ordaindutakoak, egosiak, txistorrak eta ixiltzen ez direnak. Bakarren batek gozatu zuen txorixoa talo artean sartuaz, bero-bero, bere zukuarekin taloa bustiaz, xamurtuz Bejondeiola!
Baserritar erdi jantzita asko. Gazteak eta ez hain gazteak. Baserritarren arrastorik nabarmenenetakoa ordea gutxi batzuk besterik ez zuten jantzi. Txapela. Neri berriz gehiena txapela gustatzen. Orain, bururik ez dagoen lekuan txapela non jarri?
Kaletan zehar batzuek esne marmita esku batean eta porru sorta otarratxoan sartuta. Beste batzuek porrua ezpainetan zutela. Baziren porroia eskuetan hartu eta aho-sapaia bustiaz zebiltzanak ere.
Praka mil rayasak jantzita ere asko. Praka hoien antzera ere (mila peztako rayak sartuta) mordoa. Mil rayas prakak rayaz osaturik daude. Gora eta behera. Bata bestearen ondoan. Denak berdinak. Rayak hartuta zebiltzanak ere berdin. Gora eta behera egon ezinean. Denak berdin. Gauza berdinak mila aldiz errepikatuz. Rayatzen. Hortik ote dator ¡No me rayes! espresioa?
Herriko jai guztiak ordea bi festaz osatzen dira: kalekoaz eta tabernetakoaz. Kalekoa oso balekoa izan bazen ere tabernetakoaz ez daukat iritzi berbera. Festaren bigarren alderdi hontan musika da oinarrizko zutabea. Nolako musika halako giroa. Musikak duen indarra oraindik ez dauka beste ezerk. Nigan behintzat. Eta musikari, tabernari askok, duen garrantzirik ez diote ematen. Disko bat jarri (ia denetan berdina) eta buelta eman, behin, bi aldiz, beste behin Ia dena atzerritar musika gainera. Sikiera martxa duen musika balitz!
Euskal musikan denetatik dago. Festa giroa sortzeko aproposak diren kantuak franko daude. Baina Azpeitiko tabernariei alergia sortarazten die nunbait. Orkatz izango da euskal musika gehien entzun daiteken taberna. Tokatu egiten zaio. Baina besteei ere bai. Eta eguerdi partean pixkat jarri eta kunplitu dutelakoan kitto egiteak neri ez dit balio.
Ez festetan bakarrik gainera. Urte osoan zehar botatzen da faltan.
Orkatzez aparte salbuespen gutxi batzuk badaude, baina hoiek ere beraien tabernetan euskal musika suspertu dezaketenez ez det besterik aipatu nahi.
Olentzerok euskal musikarik ekarri ez badizue eta oraindik erregeak etortzeke daudenez, nahi dezuenak behitzat, badaukazue aukera zeuon tabernetan giro ona, euskalduna eta alaia bizitzeko. Txin-txin hotsa ere haundiagoa izango da horrela. Hori bai gustuko musika eh!