Normala izan ohi da ezezagun batzuk, ikastaro bat edo lan bat egiteko topatzen direnean, bakoitzak besteei bere burua aurkeztea. Baita beste pertsona bat ezagutzen degunean ere. Beste norbait ere izan daiteke gu aurkezten gaituena. Azken hau arriskutsua da, zurikeritan erori daitekelako aurkezlea. Gorritu arazi gaitzakelako. Edo amorrarazi. Aitzakiren bat jarri diezaiokegulako berak esandakoari.
Gu, geu, geure buruaren aurkezle izaten garenean esaten ditugun gauzei buruz jardun nahi det.
Ez da gauza bera batek talde baten aurrean bera zein den azaltzea (berak bakarrik), edo talde bateko denek banan-banan egitea.
Taldeko orok aurkeztu behar duenean, onena lehenengoa izatea da. Egin eta lixto. Jende aurrean hitz egiteari benetako izua diogunez, lehenbailehen eginez gero, hobe. Bestela gure aurrekoak hitz egiten ari diren bitartean zer esan pentsatzen hasten gera. Behin erabakitakoan iritziz aldatzen degu ez, horren partez beste hau esangoiat, beste bi tipo hoiek, eta gero nire txanda eskuak izerditan bustitzen zaizkigu. Boligrafoarekin jolasten degu. Izterrei igurtzika bestela. Gure txanda gerturatzen ari den einean bihotzeko taupadak azeleratzen zaizkigu, bum-buma ere gero eta ozenagoa da. Denek aitzeko tamainakoa. Eta azkenean hitz egiten tokatzen zaigunean bihotzak ez digu bere lekutik irteten, ez, bai ordea geurea ez den ahots xaxtar batek. Berehala ixildu, ejem indartsu bat egin eta azkenean aurkezpena plazaratuko degu totelka seguruenik. Zenbat eta beranduagokoa izan orduan eta laburragoa. Aurrenekoak hamar xehetasun eman baditu azkenak hiru.
Beno, iritsi da geu garena azaltzeko aukera. Talde baten aurrean . Demagun inork ez gaituela ezagutzen eta ez daukagula ezer amankomunean: zer esan?
Izena beti esaten da. Abizen bat gehienetan. Bigarrena esateak pedantekerian erortzeko arriskua du. Gure herria ondoren. Hurrena esaten dena ogibidea da. Pertsonak identifikatzen gaituena izena eta ogibidea izaten baitira. Eta hori baino gehiago da bat.
Joan den udan, Donostira ikastaro bat ematera etorri zen andaluz irakasle bat. Udako Ikastaroetara. Ikastaro hoietan hizlarien aurkezpenak aspergarri xamarrak izan ohi dira. Hango titulua, hango liburua, hango ikerketa Lehen denbora gutxi edukitzen dute beraien hitzaldirako eta gainera laurden bat aurkezpenetan galdu.
Ba, delako horrek, bere burua aita frustratu bat bezela aurkeztu zigun. Apal-apal 50 urte zituela, bi semeren aita zela. Semeekin nahiko lan bazuela arrastoan sartu arazten, emaztearekin gora behera arruntak zituela, bikote gehienen antzera Ikerketetan urte asko zeramatzala, serio jarduna zela lanean eta kontatuko ziguna ondotxo menperatzen zuela uste zuen arloko emaitza (ondorio) batzuk zirela. Halere libre ginela esango ziguna zalantzan jartzeko eta abar gauza argitu zizkigun. Segituan konektatu zuen gu denokin. Ez alda ona?
Zergatik ez ote ditugu era hortako aurkezpen gehiago ikusten?
Ni parrandero bat naiz , lanean ez nengoen gustura eta lan utzi eta Afrikara joan nintzen , beldurrezko pelikulak atsegin ditut , 1,90cm adinako altuera det eta 120 kilo naiz, eta egin ahalak egin, ezin nain argaldu , gizena naiz eta harro nago , aurreko urtean alargundu nintzen bi urtez emaztea asko sufritzen ikusi ondoren . Dena apaltasunez.
Baten batek datu hauek derrigorrezkoak ez direla pentsatuko du. Jendeari ez zaizkiola inporta, gainera. Hala da. Baino zein lan degun edo zer ikasten ari garen ere ez askotan. Izena bakarrik iruditzen zait aurkezpen baten esan gabe geratu ezin den datua.
Euskal Herrian bada, nahiz eta gero datorren ikastaroa, bilera, eztabaida erderaz izan, euskeraz egiten det nere buruaren aurkezpena. Horrek ere nitaz informazio bat gehiago ematen baitie.