Ume hipotekatuak

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2007ko mai. 30a, 18:05

Ahal deguna baino zulo haundiagotan ez sartzea gomendatzen digute. Ba, gaur egungo etxebizitzen egoerarekin etxe bat erosi nahi duenak, ia derrigorrezkoa du bere posibilitateen gainetik ibiltzea. Eta gainera, etxea ez da Donostiako Kontxan dagoena izan behar. Edozein herriko etxe koxkor bat, baizik. Tamalgarria.

Bi lagunen artean ordainduko bada, gaitzerdi. Halere, hil arterainoko hipotekak. Bizi guztia bankuen gonapean. Kiratsa darion euriborra gainetik kendu ezinik. Egin ahalak egin, euribor hitza etxeko paretetatik aldendu ezinik, tatuai bat bailitzan. Ondorioz, bikoteko bien diru iturriak ezinbesteko bihurtzen dira. Iturri honen iturria lana denez kasu gehienetan, etxea ordaindu nahi bada biek lana egin behar. Orduan, kasu gutxiegi egiten zaion “figura” azaltzen da. Etxe bat ordaintzeak dakarren ezkutuko kostua: umeena. Bi gurasoek lana egiten badute, zeinek zaindu haurrak? Edonork zaintzen dituela ere, gurasoek behintzat ez. Umeak ere hipotekatu egiten dira. Bankuari ordaindutako interesak baino gogorragoa, garestiagoa ateratzen da umeak beste bati uzte hori. Eta ez naiz diruaz ari. Inoiz seme alabekin errekuperatu ezin den denbora bat galtzen da.

Katea luzatuz doa baina, eta beste kostua attitte eta amamena da. Haientzat ere guk etxe bat erosteak zama beldurgarria baitu. Ekonomikoa, diruz lagunduz gero, edota haurrak zaintzearena. Edo biak. Eta ez dezagun gustura egiten dutela esanez justifikatu. Benetan ez da baloratzen zein laguntza itzela ematen ari diren attitte-amamak. Miresgarria. Maitagarria.

 

Geu inoiz izango al gera hori dena dagokigunean berdintzeko?

Kasu askotan, bai. Gaur bertan. Hain relatiboa baita “hainbeste  diru behar degu” esatea!

 

Lehentasunaren printzipioak ederki azaltzen du dena.

Batek benetan nahi duena lortu egiten du. Benetan barru-barrutik sinisten duena, lortu egiten du. Edo hori lortzeko bideak jartzen ditu.

Zenbat aldiz entzuten da: “ahal banu nik ere eszedentzi bat hartuko nuke haurrak neuk hezitzeko”. Hori esandako asko gero hilabete osoa pasatzera urrutira joan dira; etxean bi kotxe dituzte, eta ez arruntetakoak; beste etxe bat daukate beste nonbaiten. Baina umeak hipotekatuta. Lehentasuna seme alaben gainetik, gauza materialei ematen die.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide