Izarraizpetik

Ederrak eder

Erabiltzailearen aurpegia Irati Aranguren 2021ko mar. 27a, 08:59

Irati Arangurenek 2021eko martxoko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Hasi genuen urtea, eta heldu ziren sansebastianak; jan genituen gulak, eta jo genituen danborrak. Igaro berri dira inauteriak, eta mozorrotu gara; garai arraro honi kolorea ematen saiatu ez garenik ezin da esan behintzat. Baina Maixa eta Ixiarrek abesten zuten gisan, "hauts magikorik balitz gure mantapean...", festetan haizeak ez zuen norabide bera izango, ez noski. Herriko txokoek kolore gehiago izango zuten, eta jendearen aurpegietan –irribarre ikusezinak tarteko– sudur gorri eta begi 'atxinatu' gehiago izango ziren.

Zeren falta sumatu duzue ospakizun horietan? Zenbat oroitzapen etorri zaizkizue burura? Jaiegun horietatik bat nuen gogokoen nire haurtzaroan, Ostiral Mehe eguna. Ikastolako jaialdia egiten genuen arratsean; zerua ilun eta gu han, euskal inauterietako pertsonaiez mozorroturik. Tomas San Miguelen musika mistikoak are ukitu sorginagoa ematen zion iluntzeari, hango txalapartaren ttakun eta uluak, Kepa Junkeraren hauspo hotsa eta abar. Garai hartan gogoko banuen ere, gaur egun ohartzen naiz ikuskizun haren kultur transmisioaren kalitateaz.

Egun bat lehenago Ostegun Gizena izango zen orduan ere, eta ostegun hura gorroto nuen. Ez nintzen sekula jabetzen zer egun zen, harik eta norbaitek norbait gizena zela-eta zoriontzen zuen arte. Orduan hasten zen nire ezinegona, neu zer egunetan zorionduko ote ninduten pentsatzen hasten bainintzen. Pentsatu, urduri jarri, tripako mina aldean hartu eta belarriak prest izaten nituen norbaitek emandako zoriona jasotzeko Ostegun Gizenetik larunbatera arte.

Aurten ere iritsi da Ostegun Gizena, eta zoriondu naute –ondorengo bi egunetan ez bezala–. Txantxa hori inori min egiteko asmorik gabeko jolasa izan daitekeen arren, bere fisikoaz lotsatuta bizi den horrentzat zenbaterainoko barregarria ote? Iragarkietan gorputz forma eta azal kolore anitzetako emakumeak gero eta ugariago badira ere, oraindik betiko estereotipoak ditugu edertasunaren gailurrean. Hori horrela, zein dira zuentzat inguruan dituzuen pertsona ederrenak? Fisikoari soilik zuzenduriko galdera da hori, jabetzen bainaiz norbait ezagutu ondoren beste begi batzuekin ikusi ohi dugula, eta ezagutu ondoren sarritan ederragoa iruditzen zaigula. Dena den, badira ezagutu gabe ere, itxuragatik bakarrik apartak iruditzen zaizkigun batzuk.

Nik nire podiuma osatuta dut, eta gailurrean badira hiru emakume izen. Emakumeez ari naiz barrutik bizi izan dudalako, nahiz eta gizonen estereotipoak eta horien ondorioak ere sakon aztertzekoak direla sentitzen dudan. Ezagutu aurretik emakume ikaragarri politak iruditzen zitzaizkidan, nork bere kurba, ile, azal, altuera eta zabalera propioarekin; eta hirurak oso ederrak. Zorionez, horiek barrutik ezagutzeko aukera ere izan dut; geroztik, argi ederragoa igortzen dutela iruditzen zait, ikaragarrizko energia dute barrenean. Txapela kentzeko moduko hiru emakume, bai kanpotik, bai barrutik. Baina horietako inor sentitu ote da noizbait pasarelako modelo?

Kontuak kontu, zenbat herritar bizi ote da bere fisikoa aldatzeko gogoz? Eta zenbat bere inteligentziaz, gogoaz edo errespetuaz lotsatuta? Erantzunak balantzan ipiniz gero, ziur naiz orekarik ez lukeela izango. Normala ote da hori?

Aintzane, Jasone eta Pilar, zaudeten tokira besarkada bana!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide