Euskaldunok badugu isil fama; hitz gutxikoak eta hotzak garela diote. Hala ote? Haurrak gardenak dira, sentitzen dutena esaten dute, eta esaten ez dutenek gorputzaren bidez adieraziko dute. Urteak aurrera, ordea, galdu egin ohi dugu garbitasun hori; mugak jartzen dizkiogu gure sentitzeko zein adierazteko askatasunari. Gerlariaren armadura janzten dugu, eta azaletik burdinera utzitako bi zentimetroko distantzia hori bilakatzen da gure arnasleku bakarra.
Dolua da arnasleku horretan bizi den sentimenduetako bat. Zenbat hitz egin da doluaz? Noiz? Zergatik? Gure osasunari komeni baino gutxiagotan hitz egin da; hori hala, kostatu egiten da bai azaleratzen, bai kudeatzen. Baina zer dela esango zenuke dolua? Esan liteke inguruko norbait hiltzean sortzen den sentimendu tristea dela. Nire aburuz, beste hamaika kasutan ere nabari genezake, hala nola norbait atzerrira bizitzera joandakoan, langabezian geratutakoan eta abar.
Duela zenbait urte, Zugarramurdin izan nintzen udaleku itxietan begirale. Bizipen sakonak sortzen dira halako egonaldietan: ezagutzen ez dituzun haurrekin dozena egun jarraian egotean gertuko harremanak sortzen dira. Arduradun rola duzula badakizu, bai, baina sukaldari zein erizain izateaz gain, bihurrikerietako kide eta bizitzako konplize senti zintezke. Ondorioz, agurtzeko garaia gogorra izan ohi da. Urte hartan egonaldi oparoa izan nuen arren, dolua zen nire barnean nagusi; sorginen etxe hartan ezagututako pertsonak bizitzan berriro ez ikusteko aukera handia baitzen. Egun hartan erabaki nuen udalekuetan ez nuela haurrekin hain gertuko harremanik sortuko berriro, eta harrezkero, armadura jantzita joan izan naiz. Ez dakit nire buruaren onerako edo kalterako den, baina hala da.
Bada, ikasturtea amaitu berri dugu irakasleok. Zenbat irakaslek agurtu ote dituzte azken urteetan beren magalean izan dituzten ikasleak? Baliteke, beraz, maisu-maistra horiek ere doluaz zipriztinduta izatea egun hauetan. Hainbat bizipen, istorio eta maitasun elkarri eman eta jaso ondoren, agur esatea gogorra da. Umoretik bizi daiteke agur hori, aje emozionala ere hor legoke. Baina aje emozionaletik dolura ez ote dago uste baino salto txikiagoa?
Eta ni ere, urtero legez, hemen nago dolu egunak igarotzen. Datorren urtean nire ondoan egongo ez diren ikasleak behatzen. Ez da samurra urtero etapa honetatik igarotzea. Irakasleon bizitza erraza dela diote batzuek, opor luzeegiak ditugula besteek. Letra horiek ahoskatu dituena gustura jarriko nuke irakasle baten azalean, eta probatu ondoren zabal dezala ahoa berriro. Opor luzeegiak ditudala esaten didan horri, berriz, armadurarik ez banu, gustuz esango nioke ez ditudala oporrak, langabeziara bidaltzen nautela udan. Eta, noski, azken horrek pisua gehitzen dio doluari.
Aurten zenbait lankiderekin partekatu dut nire dolua, erantzun enpatikoak jaso ditut eta errazagoa izan da taldean tristura hori kudeatzea. Dena den, badakit nire dolua ez dela beltza, marroi ilunez margotuko nuke. Egoeraren arabera, norberak daki ondoen zer kolore eta opakutasun duen bere doluak. Aipatuak aipatu, gogoratu, ordea, ekaitzik gabe ez dagoela ostadarrik, eta ekaitza pasatu arte zain egon ordez, euri azpian dantza egitea dela helburua.