Txlup! Salto bat lehenik! Txlup! Bigarrena gero! Txlup, txlup, txlup! Putzutik putzura, saltoz salto ezagutu ditugu gure jauzien indarrak eta luzerak. Ederra da putzuetan matxinsaltoek bezala jolastea, zerrien gisan ere bai tarteka. Izango da norbaiten esanak fin-fin jarraituz putzura jauzi egin ez zuenik, sekula bere urratsen luzerarekin jolasten ausartu ez denik. Eta bagara zentzua dugunetik gure saltoen neurri eta doinuan bizi garenok ere.
Haurren marrazkietan ohikoak dira pertsona esku handiak, behatz luzeak, aho berezikoak edota hanka luzeak. Eskuak asko erabiltzen dituen haurrak, bere eskuak maite dituen haurrak, esku bereziak marraztuko ditu. Aho ederra margotuko du honengatik edo hargatik ahoa gogoko duenak, ezpainak pintatzea gogoko duelako zein jatea gustuko duelako. Egun 6 urte banitu, ziur naiz hanka bereziak egingo nizkiokeela neure buruari.
Hamaika barre eta negar sortu dizkidate nire gorputz adar horiek urte hauetan guztietan. Hogeita bederatzi hanka zenbakia edo omen nuen lehendabiziko dantzetako zapatilak erostera joan ginenean. Harrez geroztik, dantzarako hamaika neurri, kolore eta formatako oinetakoak sartu dira gure etxean. Hemen, gure herrian, Azpeitian, egin nituen nire lehen saltoak, bai ikasle bezala, bai irakasle bezala. Herri dantzazalea da gurea, lehen ere dantzari asko ziren, eta oraindik ere badira. Nik ere bertan igaro ditut hamaika ordu ispiluari begira, eta ikasgai handia izan da.
Ikasgai handia diot, bai, ikasi baitut errespetuan, kideen arteko berdintasunean, elkar entzutean, hau da, egunerokotasuneko balioetan dagoela zoriontasunaren giltza. Ikasi dut ispiluarekin buruz buruko partidak jokatzen ere, batak bestea inoiz menperatu gabe. Ni baino ikasle helduagoekin elkarbizitzen ikasi dut. Zu, ni baino zaharragoa zinen lehendabiziko ikasle hori, beldurrak gainditzeko bide izan zinen, eta eskerrik asko. –Aurresku hura dotore ikasi zenuen, baina gogora ezazu zure emanaldi hartako bideoaren zain nagoela!–.
Dantza ikaslea naiz oraindik ere, eta hamar urte bete ditut urri honetan irakasle lanean. Ohorea izan dut Urola ibaiaren mareekin batera Azkoitian, Azpeitian, Errezilen, Aizarnan, Aizarnazabalen, Oikian, Getarian eta Zarautzen hankak taupaka jartzeko. Olatuen alderantz erraza izan da bidea; marearen kontran, aldiz, gogorra. Olatuei aurre eginez, estropezuka, ur trago bat egin eta altxa, beste tragoa eta altxa! Baina beti aurrera egiteko gogoa izan dut, ikasleek eginiko lanak eta haren emaitzak barrua betetzen baitute.
Eguzkiari emaniko azken hamar bira hauetan ezagututako izarrak asko dira, gehiegi hemen aipatzeko. Baina, jakin, hankagorriok, zuek zaretela egun nire eguneroko irribarrearen arrazoi nagusi! Nerabezaroko adrenalinaz nire barrua astintzen duzuenok, mundialak zarete! Basoerdiei salto egin ordez, Radlerrari kolpe egiten diezuenok, eutsi horri! Sorginkeriaz bazterrak zipriztintzen dituzuenok, jarraitu magia egiten! Eta noski, dantzaren bidez gure kultura eta herri nortasuna mantentzeko lanean diharduzuenoi, eskerrik asko. Asko zarete herriei eta auzoei bizirik eusteko lanean ari zaretenak, jarraitu horrela! Dantzatzen duen herria ez baita inoiz hilko!
Eskerrik asko eta dantzatu bizitza!