Izarraizpetik

Sukaldeko kontuak

Erabiltzailearen aurpegia Irati Aranguren 2023ko abu. 9a, 08:00

Hozkailu bat. (Pixabay)

2023ko uztaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa.

Igande goizeko 07:30ak dira, esnatu eta ohetik jauzi egin dut matxinsaltoaren pare, halako grina sartu baitzait barrenean hainbat egunetan esku artean dabilkidan liburuko azken orriak irakurtzeko. Plazer bat izan duk Benito!, dio izenburuak, eta halaxe izan da. Handik sukaldera ondorengo jauzia.

Haragia egosteko plana dugunez, ekin egin diot. Eltzea urez bete eta azenarioa, tipula, porrua, haragia eta hezurrak gehitu ondoren, sutan jarri dut. A zer nolako kolore festa!

Zigor Iturrietak Txoriene saioan aipatu zuen gogoko zuela lagunen etxeetara joatean, ezkutuan, hozkailua irekitzea bertan zer zegoen ikusteko. Hozkailuko produktuek eta haren txukunketak pertsonari buruzko informazio asko ematen duela esan zuen. Harrezkero, behin baino gehiagotan galdetu izan diot neure buruari hozkailuko atea ireki eta barrura so: "Zer esango ote luke Zigorrek gaur hau horrela ikusita?". Badira egunak nire etxeko produktuei begira harro sentitzen naizenak; beste batzuetan, aldiz, jabetzen naiz sukaldariari grazia handirik ez lioketela egingo.

Hasi gaitezen hozkailuaren barruko tiraderatik: bertan berdurak eta frutak daude. Berdurei dagokienez, aukera eskasa dago: porruak, azenarioak eta brokolia. Neguan gurasoen baratzekoak izan baditugu ere, oraingoak erosi egin nituen –Iturrietak ez ote luke izozkailua irekiko? Han bai ikusiko lituzke etxeko kalabaza eta baina mordoxka!–. Frutei dagokienez, laranjak, kiwiak, sagarrak, platanoak, mertxikak eta gereziak daude. Auskalo non sortuak diren, baina herrian Whatsappez enkargatu eta erosiak dira. Gainera, mimoz, kartoizko kaxetan sartzen dituzte frutak.

Jarrai dezagun hozkailuko apaletan goraka. Gazta: hasitakoa eta hasi gabea. Biak Azpeitiko artzainenak, bata Idiazabal jatorrikoa, bestea etiketatu gabea. Biak primerakoak ondoan duten neuk eginiko irasagarrarekin jateko. Gertu, haragia, herrian Whatsappetik enkargatu eta erosia. Maite dut harategi honetan jakiak biltzeko darabilten papera, ohiko plastikoaren ordez, konpostagarria den papera du bilgailuak. Parez pare, atean, supermerkatuan erositako piperren eta oliben irekitako potoak, asteartean azokan erositako arrautzak eta etxean ontziratutako atuna.

Darraigun, edarien txanda. Iturriko uda freskatzen –amonak mendikoa erabili ohi badu ere, guk ez diogu ohiturari jarraitu–. Etxeko sagardoa –aurten, sagar zukua egiten probatuko ote dugu?–. Ondoan, Getariako txakolina, Getarian ekoitzia; hori Gabonetako otarre batean iritsi zen. Eta edarien lerroan azkena, esnea; jogurtak egiteko atzo baserritik ekarritakoa. Amaitzeko, goi-goiko apalean, aitaren baratzeko uraza oso bakarti dago. Noiz iritsiko ote zaizkio tomate gorriak eta piper berdeak ondora?

Hozkailutik sutara edo mahaira egingo dute bidea produktu horiek. Prestatzen zein jaten gehiago gozatzen dut jakia gertukoa bada, erosketa erosoa egin bazait, euskaraz erosi badut eta prozesuan ahalik eta hondakin gutxien sortzen saiatu banaiz.

Salda egin da dagoeneko; eltzea garbitu eta esnea egosten jarri behar dut, beraz, banoa. Ohiturak, sinesmenak, familia egiturak, bilguneak eta abar aldatuz badoaz ere, antzina bezala, jarrai dezatela etxeetako sukaldeek eta hozkailuek gure transmisio, nortasun eta baloreen oinarriak eraikitzeko txoko izaten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide