Eguzkiak irten du aspaldiko partez, piztu dit barruko garra eta hasi naiz hizki jolas hau zirriborratzen. Nire jardunak jarioa du gaur, norentzat eta zertaz arituko naizen badakit, argitsu nago. Neure kutunentzako mezuak idatziko ditut.
Mota askotako mezuak daude munduan: luzeak, laburrak, ahozkoak, digitalak, eskuz idatziak, konpromisozkoak, maitasunez idatziak, luzaro pentsatu eta azkar igorriak, postaren xarmaz patxadaz iristeko bidaliak eta abar. Askotariko aukera, guztion gusturako.
Gutunak ditut nik maiteen. Baina zer da gutuna? Hiztegi bakoitzak bere modura deskribatuko du, duela 60 urteko hiztegi batean zein gaurkotutakoan ez da berdin adierazita egongo; beraz, nik ere nire modura ulertuko dut kontzeptua. Nire ustez zerbait fisikoa da, norbaitek niretzako espresuki idatzia, eta postariaren bidez nire etxeraino iritsia. Noski, zuzenean eskura emana ere izan daiteke. Gutuna edo eskutitza (eskuzko hitza, edo eskutik eskurako hitza) bost zentzumenekin gozatu daitekeen zerbait da, usaindu, ukitu, ikusi eta kanpotik belarriz zein barnetik bihotzez entzun dezakegun hitz festa. Dastamenaz zer esan? Izango du zaporeren bat, nahi duenak probatu. Baina nork daki bidaltzaileak musukatu ote duen? Edo, agian, geuk emango diogu matxoa
Ez dakit noiz idatziko edo irakurriko nuen lehendabiziko gutuna, baina gogoan dut haurtzaroan udarako oporretan lagunei idazteko orri bereziak ematen zizkigutela ikastolan. Bizpahiru edo izango ziren, oporretako berriak kontatuz, guk nahi genituen gelakideari igortzeko. Gabonetan ere idazten nituen, Olentzerori eta Errege Magoei karta idatzi behar zitzaiela irakatsi baitziguten. Aurrerago, Mari Domingi ere bazela, eta hari ere idazteko esan ziguten. Bideratutako lanak izan arren, gustuz egiten nituen. Horrez gain, urtearen amaieran familiako kideei postalak igortzeko ohitura genuen etxean, ia gaurdaino eutsi diogun usadioa izan da. Bestalde, gogoan dut jaunartzean jaso nuela eskutitzak idazteko orri bereziak zituen koaderno polit bat. Idazteko lerroez gain, marrazkitxoak zituen. Orri leun-leunak ziren eta usain berezia zuten, asko gustatu zitzaidan oparia. Aurten nork jaso ote du horrelako opariren bat Disneylanderako bidaiarekin batera? Inork ez, seguru.
Ohitura horiek hala, bazen gurasoen etxean gertuko genituen lagunen eta senideen helbideak zituen koadernotxoa. Zaharkitua geratu da, ordea; bai helbideak ezberdinak direlako, bai gertuko maiteak gehitu edo aldatu direlako. Beraz, aurten liburuxka huts berria erosi eta inguruko kideei euren etxeetako helbide fisikoak eskatzen hasi naiz. Aurpegiera xelebreak jaso ditut bueltan, irriñoak ere bai, baina guztiak afektuzkoak. Noizbait norbaiti zerbait igorriko ote diedan ez dakit, baina hortxe daude, behintzat, gordeta. Nik ere momentuz horiei idazteko gogoa hala izango dut, gordeta; oraingo mezuak etxean geratzeko baitira.
Gaurko gutunak nire kutunentzat, beraz. Lehendabizikoa zuretzat polit, etxeko haur txikia izateari utzi beharko diozun horrentzat. Bigarrena, laster aurpegitxoa ikusiko diogunarentzat. Eta azkena, guretzat, berrogeita hamar gehi berrogeita hamar ehun dela jakiteaz gain, hirurogeita hamar gehi hogeita hamar egiten ere badakigulako.