Udaberria zen, beno, ekainaren erdira iristen ari ginen, uda usainik nabari ez bazen ere. Neguko eta udaberriko gaitz guztiak aldendu zirela uste genuenean gaixotu zen gure etxeko txikia. Sukaldari, ipuin kontalari, kantari, garbitzaile zein irakasle tituluak lortzeko kredituak bildu genituen ordura arteko bi urteetan, baina gaixoaldirik apenas igaro genuenez, erizaintzako jakintzarik ez genuen. Hankamotz sentitu ginen eta 39 gradutako sukarra ezin jaitsita genbiltzanez, anbulatoriora joan ginen semearekin.
Haurra zaintzeko, une horretan, garrantzitsuena ongi hidratatzea zela esan zigun bata zuria zuen emakume jator hark. Semeak titia eskatzen zidan kontsultan, eta medikuak, hura ikusirik, bularra hartzen bazuen hidratazioaren kontua, behintzat, lortua genuela eta lasai egoteko esan zigun. Gainera, kontsultan bertan haurra elikatzeko aukera eskaini zidan. Ondoren jarraitu zuen gaixoaldiaren jatorriaz, eboluzioaz eta medikazioaz; dena beharrezko, baina edoskitzeari eginiko hasierako aipamen hura eskertu nion nik gehien.
Sabelean jaiotzear zen beste haurra nuen, eta azken hilabeteetan, haurdunaldia tarteko zein seme zaharraren adina aitzakia hartuta, aipu eta kritika ugari entzun behar izan genituen edoskitzeaz. Genituen diot, bai: nik eta semeak asko, senarrak bakarren bat.
Garai 'aurreratu' hauetan iritzi askatasuna babesten da, pentsatzen duguna esateko ausardia izateko hezten gaituzte; aldi berean, enpatia, tolerantzia eta errespetua aldarrikatzen dira. Baina zenbait kasutan aurrez aipaturiko jarrerak ez direla bateragarriak iruditzen zait.
Nor zara zu nire haurrari anaia txikiak titia kenduko diola esateko? Eta zuk, zergatik esan diozu haurrari handiegia dela bularretik esnea edateko? Edo nire haurrarentzat ezezaguna zaren hori, korrika bera harrapatuko duzula esan eta amaren bularraren babesera etorri denean, "oraindik ere titia hartzen? Hor ez dago jada zuretzako ezer!" esanez zatozen emakume hori. Jakinarazten dizut zu izan zarela haurra bularrera erakarri duena, bakarrik jolasean utzi bazenion ziurrenik ez zuen titiaren beharrik izango bere emozioak orekatzen laguntzeko. Haurdunaldian ere, "sei hilabetetik aurrerako haurra tripan izanda, ez da ona bularra ematen jarraitzea", "naturaren aurkakoa da adin ezberdineko bi haurrek aldi berean titia hartzea" bezalako aipuak bata bestearen jarraian entzun ditut. Jakin ez zaretela gure osasunean ongi etorriak izan.
Gure herrian, Loiolako etorbidean, bada Amatasuna izeneko eskultura; udalak eskatuta Xebax Larrañaga azkoitiarrak gauzatua da. Bularra ematen ari den ama baten irudia da. Esan genezake, beraz, titia emateaz asko hausnartu duen herrian bizi garela, herritar informatuak ditugula eta bertan edoskitzea babesten dela. Uste dut azken urteetan asko landu den gaia dela, baina oraindik ere ikaragarri dago bide honetan jorratzeko. Amei haurren elikaduran zein beste gai pertsonaletan hartu nahi duten bidea hautu propioz hartzeko babesa eman behar diegu. Bularra eman ala ez, haurra izan nahi ala ez, umeari belarritakoak jarri ala ez, bakoitza da burujabe eta bide guztiak dira egokiak; beraz, babestu gaitezen elkar.
Duela gutxi hau irakurri nuen: "Behi ezezagunarena baino hobe ama ezagunaren esnea". Eta nire barnean gisa horretako mezutxoak gorde eta birgogoratzeari esker jarraitzen dugu edoskitzearen maratoian.