Txisteak. Beti izan naiz oso txarra txisteak ulertzen, norbaitek halakoak kontatzean ez dut jakin izan zein aurpegi jarri. Barre algara tokatzen zen hor? Edo irriño batekin nahikoa? Nahiago dut umorezko bakarrizketa baino pelikula erromantiko tentela ikusi. Azkena ikusi dudan monologoa ikusten ere nekatutak bukatu nuen; etxean nengoen eta nahi nuen aurpegia jarri nezakeen, eskerrak.
Baina eguneroko bizitzan ere halatsu nabil; egunak joan eta etorri hainbat gauza ezin ulertuta eta bekokia nola okertu jakin ezinda.
Ez dakit jada nork agintzen duen mundu honetan, noren iritziak entzuten diren, gizakiok garrantzia dugun edo natura nahiz animaliak gehiago hartzen diren kontuan; ez dakit. Hainbat kontraesan topatzen ditut, eta geroz eta zailagoa egiten zait gauzak ulertzea, galdu egiten naiz.
Azpeititik Urola Kostako beste herri batera bizitzera joan nintzela badira bizpahiru urte. Herri honetan naturgune garrantzitsuak daude, eta horrek legeak zorroztea dakar. Hala, ikusmen kutsadura gutxitzeko ukuilu berdea eraikiarazitakorik bada herrian; aldi berean, ordea, eguzki plakak datoz gure etxetik 200 metrora. Landa ingurunean bizi naizela esan daiteke, zer polita. Mendi ibilaldiak egiteko nahi adina toki, zaldiak zein behiak larrean nonahi, baratzea egiteko aukera, fruta arbolak han eta hemen, frutak lapurtzera poltsa hartuta datozenak ere bai. Zer gune garbia. Baina inork ba al daki eguzki plakek zer eragin izan dezaketen gertuko bizidunen osasunean?
Bestetik, legea zorrotza da zuhaitzak landatzeko zein botatzeko unean. Hainbat zuhaitz, espezieagatik edota urte kopuruagatik, ezin dira hala moduz bota. Kontuak kontu, eguzki plaken eremua hesituta dago jada, baina hara, itxituratik kanpoko zenbait zuhaitzek itzala egiten zutela eta kendu egin dituzte. Txalo bero bat. Bertan udan bazkatzen zuen ganadua itzuliko ote da euritetik eta eguzkitik babesten zuen arbolaperik ez bada? Ziurrenik ez.
Zenbaiten betaurrekoetatik behatuta aurrerakoia izan daiteke gure auzoan eguzki plakak jartzea, modernoa eta osasuntsua. Baina ez al zen hobe auzoko ura kanalizatzetik hastea? Ur zikinak ibaira doaz bai, handik itsasora eta hondartzara; eta noski, bertan pasatuko dugu uda lasai ederrean bainu freskoak hartuz.
Egia da energia iturri berriztagarriak lehenetsi behar direla, eta arazoa dugula egungo gastuarekin. Kontsumistak gu garela sinetsarazten digute, ordea. Baina nork baimentzen du, hala nola, hainbeste hegazkin aireratzea egunero? Bizikletak ere bateriarekin dabiltza eta aitona-amonen etxea ere gertuegi dago oporrak pasatzera joateko.
Azpeitian ere halatsu gabiltza. Badatoz haize errotak. Ukuiluak berdea izan behar bazuen, eolikoak zer kolorez margotuko ditugu inpaktu bisuala saihesteko? Edo Norvegian bezala itsaso barnean, lurretik ez ikusteko moduan, jarriko ditugu flotatzen duten haizagailuak? Aralarren ezin ziren pistak egin, eta orain gailu hauek jartzeko hegazkinak lurreratzeko bezain zabal diren bideak egingo ditugu gure mendietan.
Zer txiste da hau? Nekatuta nago.