Bera da nire eredu.
"Handitzen zarenean zer izan nahi duzu? Nor bezalakoa izan nahi duzu?" galdera sarri egiten da, erantzunak abstraktuak zein absurdoak izan ohi badira ere. Gaur egun argi dut nire erantzuna: handitzen naizenean bera bezalakoa izan nahi dut.
Goizean begiak irekitzen dituenetik gauean begiak itxi arte bizi du bizitza. Egiten duena %100eko arretaz egiten du. Unean unekoan ditu gorputza eta arima. Guztiaz gozatzen du, une oro ikerketan, esperimentuan eta ikasketan murgilduta dago. Orainean bizi da, kontzientzia hemen du. Hemen eta orain dagoenaz disfrutatzen du. Hemen eta orain daudenei entzuten die. Hemen eta orain maitasuna ematen eta jasotzen du.
Umiltasunaren eredu da. Ez du aurreiritzirik, ondokoen kritikak ez ditu egiten; ez ditu hurkoak edo bere burua epaitzen eta gutxiesten. Adin guztietakoak ditu ongi etorri, izan kanak bistan edo arropa zikinak jantzita. Zapata lokaztuekin zoriontsu da. Zoriontsu da galtza urratuekin. Zoriontsu da petatxudun jertsearekin.
Gartsuki jolasten du, bere eguneko zeregin ia bakarra –bakarra ez esatearren– jolas egitea da; pozik ibiltzen da lehengusinak pasatutako bizikletarekin, bigarren eskuan erositako patinetearekin nahiz erositako kotxetxoarekin.
Maite ditu zakurrak, zaldiak, behiak zein oiloak. Maite du ilargia behatzea, musika entzutea eta naturan zikintzea. Ez du beldurtzen euriak. Putzuetan dantzatzea miresten du. Gozatzen du irakurtzen, jaten zein garbiketan.
Sentimenduekin esperimentuan dabil. Zirrarak borborka ditu, eta askatasunez azaleratzen ditu. Triste dagoenean ez du tristura ezkutatzen, mina duenean ez du mina ezkutatzen. Laguntza behar duenean, eskatu egiten du.
Etengabe bere burua frogan jartzen du, bere mugak ezagutu ahala, mugak gainditzeko grina sortuz. Eta presa? Zer da presa? Kilometroak egiten ditu arineketan, baina ez denboraz larri dabilelako.
Atzo egindakoa ziurtasunez egin zuenez, zergatik izan burua iraganean? Eta oraina disfrutatzen ari denez, zergatik kezkatu bihar datorrenaz? Umeen gisan, konfiantza osoz doa aurrera, bideak nora daraman jakin ez arren.
Zuhaitz du izena eta 2 urte ditu. Handitan zu bezalakoa izan nahi nuke, txiki.
Urrutira begira bizi gara, hark zer egin duen, beste hura nora joan den, beti urrunekoa goraipatu eta kopiatu nahian gabiltza. Haiek dira gure eredu; agian euskaldunak dira, baina izan litezke espainolak, txinoak zein amerikarrak. Zergatik ez topatu gertuagoko erreferenteak? Gure egunerokotasunean begiz ikusi ditzakegunetan ez ote dago eredugarririk? Azalez ukitu dezakedan inor ez al da erreferente? Zer dut amarengandik ikasteko? Zer eskaintzen dit birramonak? Eta aitak? Aitonak? Edo izeko Begok? Eta nire lagun Irenek? Eta nire semeak? Hara! Bihotzeko kutun batek ni naizela bere eredu esan zidan. A zer poza! Izenda ditzakegun kideen izanak ezagutu eta izan daitezela eredu. Niretzat gaur egungo gizarte moderno deskonektatu honetan osasuna eta nortasuna bilatzeko gakoa gertukoak babestea da, gertukoengandik ikastea eta desikastea. Erreferenteak ere izan daitezela KM0.