Rosalind Elsie Franklin Londresen jaio zen 1920ko ekainean. Kimikako ikasketak burutu zituen, eta 1945ean defendatu zuen bere tesia. Parisen X izpien bidezko kristalografian espezializatu zen. 1951n, Ingalaterrara itzuli zen ikasitako teknikak biologian aplikatu nahi zituelako. DNAren inguruko proiektu batean hasi zen lanean. 1953an, Rosalindek Raymond Gosling doktoretza ikaslearekin batera, DNAren helize bikoitzaren kalitate oneko argazkiak ateratzea lortu zuen X izpien difrakzio teknika erabiliz. Bere lankide Wilkinsek, Rosalinden onespenik gabe, James Watson eta Francis Cricki erakutsi zizkien DNAren argazkiak. Haiek Rosalinden argazkiak eta datuak erabili zituzten Nature aldizkarian DNAren egituraren inguruko artikulua publiko egiteko. 1962an, Watsonek, Crickek eta Wilkinsek Medikuntzako Nobel saria irabazi zuten. Ikerlariek Nobel saria jaso zutenean ez zioten inongo aipamen berezirik egin Rosalindi.
XX. mendearen hasierara arte emakumeek eskolara eta unibertsitatera joan ezin izan zuten arren, guk uste baino emakume gehiago aritu ziren zientziaren munduan lanean. Tamalez, ordea, oraintsu arte, testu liburuetan apenas agertu dira emakume zientzialariak. Zientziaren alorrean dagoen emakumeen eta gizonezkoen arteko arrakala ezabatzeko, argi dago behar-beharrezkoa dela emakume erreferenteak izatea. Baina azken urteetako datuek argi erakusten dute, erreferente faltaz gain, badela ondo ez doan beste zerbait. Ana Galarragak (Elhuyar fundazioko kazetaria) Cristina Enea fundazioari eskainitako elkarrizketan ondo azaltzen duen moduan, unibertsitateko ikasketen hasierako urteetan emakumezkoak dira nagusi, baina horien presentzia baxuagoa da goi mailako postuetan. Eta hori gizartearen isla baino ez da. Emakundek 2018an egindako ikerketaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren enpresa eta entitate publikoko zuzendaritza kargu gehienak gizonezkoek betetzen dituzte; %65,5, zehazki.
Datuek argi erakusten dute haurrak izateko unera iristean emakumeen presentzia jaitsi egiten dela. Momentu horretan hasten da emakumeen eta gizonezkoen arteko arrakala, eta badirudi sistemak orain arte ez dituela baliabide egokiak aurkitu/erabili arrakala horri aurre egiteko. Azken urteotan esfortzu handia egin da emakumeen artean zientzia ikasketak sustatzeko. Eta zergatik ez egin esfortzu hori gizonezkoak zaintza alorrera/ikasketetara bultzatzeko? Ez dakit zein den formula sekretua, baina baliabide guztiak beharko ditugu elkar zaintzeko. Has gaitezen ba!