Pi-pi-pi. Jantzi, gosaldu, hortzak garbitu eta etxetik ateratzera noa. Organikoaren zabor ontzia beteta dagoela ohartu naiz. Poltsari tira egin, eta pam! Kaka, berriro apurtu zait poltsa. Baina zertaz eginak daude poltsa madarikatu horiek?
293/2018 lege dekretuaren arabera, 2021eko urtarrilaren 1etik debekatuta dago kontsumitzaileei konpostagarriak ez diren poltsak banatzea, ordainduta edo ordaindu gabe. Ordura arte, petroliotik eratorria den polietilenozko (polimeroak: molekula txikiz –monomeroz– osatutako masa molekular handiko makromolekulak; etilenoa: hidrokarburo asegabea) poltsak bildumatzen genituen gure etxeko armairuetan. Polietilenoak propietate mekaniko onak eta ekoizpen merkea izan arren, haren bizitza ziklo luzea eta birziklatze tasa baxua medio, haren erabilera murriztu egin nahi da.
Egun janari dendetan aurki ditzakegun poltsek fekula (almidoia) dute jatorrian. Fekula eta almidoia gauza bera dira, baina jatorriaren arabera, modu batera edo bestera deitzen zaie: zerealetik (hazietatik ateratzen denari) eratorria bada, almidoia, eta tuberkulu edo errizomatik badator (lur azpian dauden organoetatik), fekula. Almidoia glukosa molekulaz osatua dago, eta landareen erreserba energetikoa da. Almidoiaren garrantziaz ideia bat egin dezazuen, gizakiak kontsumitzen dituen karbohidratoen %70 dira almidoia. Poltsak ekoizterakoan, almidoian aberatsak diren produktuetatik (patata, gehienbat) almidoia ateratzen da. Patatak duen almidoi edukia %20 da, eta horietatik %25 amilosa (lineala) eta %75 amilopektina (adarkatua, saretua) dira. Ezaugarri fisiko-kimikoak medio, amilosa da almidoiaren zatirik baliagarriena zabor poltsak ekoizteko. Poltsen propietateak hobetzeko, azken urteetan materiala hainbat tratamendu fisikorekin, kimikorekin eta biologikorekin eraldatu da. Hobekuntza kontuan hartzekoa izan arren, almidoizko poltsek, polietilenozkoekin alderatuta, propietate mekaniko eskasak dituzte. Gainera, Deborah Garciak dioenez, poltsen produkziorako patataren %6 bakarrik erabiltzen dela kontuan hartuta, patata kantitate erraldoiak erein beharko lirateke, horrek ekarriko lukeen deforestazioarekin. Beraz, poltsa horiek ere ez dira saltzen diguten bezain alternatiba ekologikoa.
Ez omen dago ikusi nahi ez duena baino itsuagorik, eta horixe bera izango da guri gertatzen zaiguna. Saiatzen gara (dira) guztiaren gainetik alternatiba 'berdeak' aurkitzen, baina gaur-gaurkoz, ez dago kontsumo eredu eta erritmo honi eutsiko dion bide paralelorik. Gure bizitzeko modua aldatzea ote bide bakarra? Has gaitezen ba!