Errege ergela

Erabiltzailearen aurpegia Jose Luis Otamendi 2025ko api. 14a, 08:30

'El rey necio' liburua.

Iazko uztailean zendu zen Koldo Campos idazlearen El rey necio lanaren harira, iritzi artikulua idatzi du Jose Luis Otamendik.

“Zuretzat, esker oneko memoria,
ahots maitemindua, eskua zabalik,
bizitzaren musu eternoa ez besterik.”

El rey necio, horra Koldo Campos Sagaseta de Ilurdozen azken argitalpena. Atzeratuta ibili naiz, eta Eragin argitaletxeak 2024. urtearen hondarrean kaleratu arren, apirila jo dit liburua eskuratu dudanerako.

Koldo Campos hitzaren lilurak sorgindutako idazlea izan da. Asmamen askeari argudio lurtarrenak doi josten antze apartekoa. Pentsamendua zorrotz. Zurikeria epelik ez. Generoa edozein dela ere, zintzotasun intelektuala galdatu izan dio beti literaturak. Giza-onurako edertasuna; hala ikusten dut Koldo Camposen artea.

Ipuin luze honek egilearen estiloaren ezaugarri behinenak dakartza. Nagusiki neskato baten eta zakur baten abenturak dira, fantasiaz eta umore gaizto-xaloz kontatuak. Biak, bizi ziren liburuetatik kanpora erori eta, argudioa mamituko bada, eurena ez den hirugarren liburu batean gorde beste erremediorik ez dute izango. Hain zuzen ere, Errege Ergelaren erresuma izango da abegi egingo diena.

Hortik atzera adiskidetasun istorio eder bat eta zailtasun gaitzak gainditu beharra etorriko da. Guztia ere, jario biziko hizkeraz eta, esan indar handiko estilo atseginez emana. Haurrak, animaliak, asmatutako izakiak ditu protagonista. Umore eta tentsio dramatiko neurtuz osatua dago trama, txinparta handiko elkarrizketek hegan darabiltena.

Haur literaturan ohikoa den egitura duela? Bai, hala da. Askatuko duen eskua noiz iritsiko, haur literaturako apaletan pausatzea egokituko zaio segurutik liburutegietan. Kontaera bera baina, eta gaiari heltzeko modua, gustagarri suertatuko zaio literatura maite duen askori, adina gorabehera.

Agintearen erabilera okerrak, berekoi jokatzearen eta injustiziaren makurrak azpimarraz ageri dira, elkar hartzea, memoria eta zuzentasuna etsi gabe aldezteak duen garrantzia bezala. Literatura da, hitzen musika istorio baten zainetan barrena adimena eta arima erasatea xede hartuta.

El rey necio-ren hau, bigarren edizioa da. Estreinakoz Dominikar Errepublikan atera zen argitara 2012. urtean. Liburu aski laudatua gertatu zen han, baina hemen ez zegoen lortzen batere erraza. Orain, azkenean, lehenbizikoz daukagu Koldo Camposen liburu bat Euskal Herriko argitaletxe baten katalogoan.

Koldo Campos Sagaseta de Ilurdoz Iruñean jaio, hogei urtetik gora Ameriketan bizitzen eman, Dominikar Errepublikako naziotasuna ere bazuen, eta 2006tik atzera berriz ere gurean, Azkoitian, bizi izan da, iazko uztailaren 1ean hil zen arte.

Errege ergelaren kontakizuna Azkoitian bizi zela idatzi zuen Koldo Camposek, gaztelaniaz, ohi zuen gisan. Irene Campos Fernandez, haren alaba zaharrenak, edizio honetarako idatzi duen hitzaurre hunkigarrian galdetzen dio aitari, ea liburu bateko orrien artean biziko al den hemendik atzera, eta hala bada, agindu dio aulki bat eta garagardo freskoa gordetzeko, hurrena elkartzen direnerako.

Hainbestera iritsi gabe, niri aukera bikaina eskaini dit El rey necio ipuinak idazlearen unibertsoan kuku bat egin eta, hitzen xarmari amain emanda, tarte batez bertan zer-suma ibiltzeko batetik bestera. Horrexek ekarri nau lerro hauek idaztera, leitzen duenari oharkabean joan ez dakion plazer goxo-mikatzen kaiola xume hori irekitzeko tentazioa.

Liburutxo hau dela eta ez dela, Koldo Campos sarri etorri zait akordura egunotan, nola ez! Baina zer diren memoriaren hari bihurri, itxuraz apetatsuak! Gaur beharko nuen hain juxtu errege ergel hau hizpidera ekarri, noiz eta apirilaren 14 batean, Espainiako erresuman azkenekoz, erregeez libre, errepublika aldarrikatu zen urteurreneko datan… Eta dena osatzeko, zer da eta gaurko egun batez, duela 71 urte jaio zen mundura El rey necio-ren egilea ere.

On egin, noizbait, aski ausardi bilduta, errege ergel honen hitzen paduran sartzeko hautua egiten duzuenoi! Eta bide batez, Zorionak, Koldo!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide