Nafarroa erdialdea gainditu eta goranzko bidean doa etapaz etapazko Tutera-Azpeitia ibilaldia, Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak Kilometroak 2024rekin elkarlanean antolatutakoa. Otsailaren 17an Tuteratik abiatu eta urriaren 19an Azpeitian amaituko den bosgarren eta seigarren etapak egin dira asteburu honetan. Larunbata goizean, Lizarrako merindadean ekin zaio ibilaldiari, Iratxe monastegian, eta igandearekin amaitu da seigarren etapa Sakanan, Lizarragan.
Etaparen hasieran elkartu gara Garean euskara elkarteko Begoña Martinezekin eta Txusma Azkonarekin, baita Lizarrako ikastolako Unai Gardoki lehendakari ohiarekin ere. Eguzkilorea oparitzearekin batera jaso dugu bueltan beste opari bat: Estellerriko euskara. Hegoaldeko goi-nafarrera. Estellerriko aldaera hiztegia, Aitor Aranak, Koldo Colomok eta Alfredo Dufurrek ondua.
Nafarroa Garaiko mendebaldeko eskualdea da Lizarrako merindadea. Estellerria edo Lizarrerria deitzen zaiona. Urbasa eta Andimendi mendilerroetatik Ebro eta Ega ibaien sakanetaraino zabaltzen da Lizarra herriburuaren inguruan dauden 73 udalerrik osatzen duen eremua. Euskararen egoerari dagokionean, euskararen eremu mistoan kokatzen da. Lizarrako herriburuaren ezaugarri soziolinguistikoen antzeko ezaugarriak ditu. Azken datuen arabera, euskara ulertzeko gai dira 16 urtez gorako biztanleen ia laurdena eta ongi hitz egiteko gai %17. Dena dela, eskualde osoari begira, iparraldearen eta hegoaldearen artean alde handia dago, izan ere, zenbat eta iparralderago, euskarak orduan eta lekua handiagoa baitu. Eskualdean euskararen ezagutza goranzko bidean doa. Hezkuntzan eta euskalgintzaren mugimenduari esker egindako urratsen ondorioz, gero eta lizarrerritar gehiagok ulertzen du euskara.
Boluntariotzan ardaztutako euskal mugimendua
Garean Euskaldunon Elkartea Lizarra eta Estellerriko euskararen aldeko elkartea da. 2007an eratu zen eta ordutik euskararen normalizazioa du xede nagusi. Euskararen erabilera sustatuko duten eremu-jarduera euskaldun elebakarrak sortzen ahalegintzen da, euskal hiztunen komunitatea handitu eta trinkotzeko asmoz. Garean elkarteko lehendakari den Begoña Martinezekin elkartu gara euren ibilbidearen berri izateko.
2007an sortu zenuten Garean euskara elkartea. Zerk bultzatu zintuzten euskara elkartea sortzera?
Lizarrako euskaldunon komunitatea batu edo ordezkatuko zukeen elkarte bat sortzeko beharra bazela ikusten genuen. Gizarte eremu ezberdinetan, erreferentzialak izan zitezkeen pertsonak biltzen saiatu ginen. Ekimen integratzaile bat izatea nahi genuen, aniztasuna erdigunean jartzen zuena: pentsamendu ideologiko eta bizimodu ezberdinak genituen euskaltzaleen bilgunea izatea nahi genuen: ikastolako gurasoak, eskola publikoetakoak, kirolaren edo kulturaren esparrukoak...
Zein da zuen egiteko nagusia?
Guretzat garrantzitsua da iraupen jakin bat eta maiztasun jakin bat duten proiektuak bultzatzea. Noizean behineko ekintza puntualak antolatu beharrean, iraunkorrak diren proiektuen alde egiten dugu. Lan asmo desberdinak ditugu. Alde batetik, haurrei lotutako ekimenak ditugu. Bestetik, helduentzako jarduerak. Eta hirugarrenik, komunikazio lerro bat dugu: Kotarro aldizkaria, eskualdeko ekimenen berri ematen duen euskarazko aldizkari bakarra.
Eta… hiru lan asmo horietatik zer azpimarratuko zeniguke?
Haurrentzako Txokolipuinak egitasmoa dugu martxan, eta denbora luzean indartsu jarraitzen duen ekimena da. Haur eta guraso asko etortzen da ipuin kontaketa saioetara. Euskaldunak diren helduentzako, berriz, Mintzakide programa dugu, denborarekin ahultzen ari zaiguna. Gure errealitate soziolinguistikoa aldatzen ari da. 40 urtetik beherako biztanleria eskolatik pasatua da eta euskaldunduta daude. Adin tarte horrek badaki euskara; beste gai sakonagoa da ea zein neurritan erabiltzen duen. Programa honi dagokionean, zein bide berri hartu behar dituen erabaki beharra daukagu une honetan. Hirugarrenik, euskara maite duten eta solaserako gaitasunik ez duten euskaltzale guztientzako Lizarran kantuz ekimena da azpimarragarria. Bereziki adineko jendeak parte hartzen du. Euskal Herriko eremu batzuetan Kantuz ekimen isolatu edo independentea izan ohi da, baina gure kasuan, Garean euskara elkarteak sortu zituen kantu-jirak.
Komunikazioari dagokionez, komunikazio talde bat dugu, eta hortik ateratzen da Kotarro aldizkaria. Paperezkoa. Urtean lau edo bost zenbaki ateratzen ditugu, eta horrez gain, web orriarekin batera sare sozialetan ere zabaltzen dugu informazioa. Gure eskualdeko ekimenen berri euskaraz emateko lekua eraiki dugu, eta unean uneko gertakarien gaineko artikuluak euskaraz plazaratzen ditugu: euskararen eguna, Euskaraldia, Korrika eta abar.
Festetan eta udan ere programazio berezi bat badugu. Udan zehar gauza batzuk programatzen ditugu beste eragile batzuekin batera. Udan blai programazioaren barruan aurten ere hiru ekintza ditugu euskaraz uztailean zehar.
Eremu mistoan egonik ere, euskara sustatzeak izango ditu zailtasunak.
Gure proiektua oso xumea da. Komunikazio proiektua ere bai. Lan guztia boluntarioekin egiten dugu; ez dugu soldatapeko inor elkartean. Nafarroan, euskara elkarte ia guztion egoera da hori. Euskarabideak eta udalak diru laguntzak ematen dizkiguten arren, ez dugu diru laguntza nahikorik lana profesionalizatzeko. Gure bazkideen kuotak beste euskara elkarte askotakoak baino handiagoak dira; bazkideok 70 euro inguru ordaintzen dugu urtean. Horrek asko laguntzen du, baina hala eta guztiz ere, ezinezkoa da euskara elkarteko lana profesionalizatzea. Atarrabiako Karrikaluze elkartea izango da, Nafarroako euskara elkarteen artean, salbuespenetako bat.
Beste zailtasun bat ere badugu. Gure ingurunean, aisialdia oso atomizatuta dago. Gaztelaniazko aisialdi eta kirol eskaintza oso handia eta erakargarria da. Eskaintza zabal horren aurrean lehiatzea ezinezkoa gertatzen zaigu. Nolabait, gure presentzia eta eskaintza bermatua izan dadin, beste inon eskaintzen ez diren egitasmoak proposatzea izan da gure hautua. Horrela gerturatzen zaizkigu euskaltzaleak.
17 urte, Garean elkarteko lehendakari. Zein izango da jarraipena?
Bai, bai. 17 urte pasatu dira elkartea sortu genuenetik. Dozena bat kide batu ginen orduan eta jarraitu genuen modu iraunkorrean ekinean. Ibilbide honetan bi urtez ordezkatu ninduten, baina ia Garean elkartearen bizi osoan aritu naiz lehendakari lanetan. Une honetan, seikote bat mantentzen da juntakide gisa. Ongi eta gustura ari gara elkarrekin lanean, eta etorkizunari begira, erreleboa da gure erronka nagusia. Oso konplikatua da erreleboa. Elkarte askotan gertatzen ari da hau. Gero eta kide gutxiagok parte hartzen du modu boluntarioan. Asko ari da aldatzen egoera. Gaur jaso dugun moduko aitortzak ongi etorriak dira. Ikusten da bagarela erreferentzialak eta urrats garrantzitsuak eman ditugula gure eremuan. Aitortzek beti laguntzen dute aurrera egiten.