Etxarri Aranatzetik Beasainera, Nafarroa atzean utzita Gipuzkoan sartu gara, Tutera-Azpeitia egitasmoaren barruan. Mila urteko bizia igarota dagoen hariztia zeharkatuta utzi dugu Nafarroa atzean, eta Gipuzkoan sartu gara Lizarrustin. Hortik aurrera, Artzainen Bidea jarraitu dugu eguneko helmugara iritsi arte: Beasain. Zelaiak, basoak eta gure historiaurreko dolmen ederren artean egin dugu bidea. Lazkao Txikiren jaiotetxearekin ere egin dugu topo Lazkao-mendin. Oraingoan bai, eguzki izpi indartsuek gozatuta. Gaurko etaparen helmuga Beasain izan da, eta ohitura onari jarraituz, Nafarroako produktuak zozkatu ditugu, Errigorako ardo nafarra eta Arbizuko txistorra.
Nafarroaren ederra igarota, Nafarroaren euskarak gurekin ditugula, azken etapa besterik ez zaigu falta. Urriaren 19an iritsiko gara Azpeitira. Urriaren 6an ospatuko ditugun Kilometroak ate joka ditugu, eta festarako gure irrika gero eta biziago dago. Andra Mari Ikastolako Iñigo Orella zuzendariarekin elkartu gara Etxarri Aranazko egoeraz hitz egiteko.
Etxarri Aranatz. Sakana eskualdean dagoen herri nagusietako bat da…
Bai. Sakanako eskualdean dauden 30 herrietako bat da Etxarri Aranatz. Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldeko udalerria da Etxarri Aranatz, hedaduraz eta populazioz Sakana eskualdeko bigarrena, Altsasuren ondoan. Iruñeko merindadearen mendebaldean dago, Beriain mendiaren magalean, eta Lizarrustiko mendateak Ataunekin (Gipuzkoa) lotzen du. Andra Mari Ikastola eta San Donato Ikastetxe publikoa ditu herriak. Biak D ereduan daude. Herri euskalduna izanik, UEMAko kidea da 2001etik.
Andra Mari Ikastolak ibilbide luzea egina du euskal hezkuntzan…
Bai. Hala da. 1969. urtean jaio zen Andra Mari Ikastola. Orain dela 55 urte. Familiek auzolanean sortu eta hezkuntza-kooperatiba gisa garatutako proiektua da une honetan. Garai haietan bezala, gaur egun ere, euskararen eta euskal kulturaren sustapenarekin erabateko konpromisoa dugu.
Sakana eskualdeak 20.000 biztanle ditu eta eskualdean bi ikastola daude: Iñigo Aritza Ikastola (Altsasun) eta Andra Mari Ikastola (Etxarri Aranatzen). 30 herri daude gure eskualdean, eta Andra Marik hartzen ditu hamalau herritako ikasleak; Iturmenditik Hiriberrirainokoak, hain zuzen. Gehienak nahiko herri txikiak dira. Koxkorrenak Lakuntza, Arbizu eta Etxarri dira. Gure ikastolan 400 ikasle inguru ditugu, eta ikasleen erdia beste herrietatik dator, eta horregatik, eskualde izaera dugula esaten dugu. Horixe nabarmenduko nuke.
Herrien aniztasuna nabarmendu liteke, orduan, Ikastolako euskararen aniztasunean. Badago horretan alderik?
Bai. Gure Ikastolako errealitatea aldatu egiten da ditugun herrietako ikasleen arabera. Arbizu da eskualde honetan herririk euskaldunena. Arbizuko biztanleen %80 edo %90 euskalduna da, eta euskalkia bizi-bizirik dago. Kanpotik jendea badator ere, herriak euskarari eusten dio eta euskaldundu egiten dira etorri berriak. Etxarriko egoera ere ona da euskarari dagokionean. Euskalkia bizirik mantentzen da. Lakuntza dugu ondoan, Arruazu ere bai. Baina gero, Iturmendi, Bakaiku edo Uharte-Arakil… euskararen ikuspegitik euskaldun kopuru askoz txikiagoa duten herriak dira horiek, eta beraz, zailagoa da herri horietan euskaraz bizitzea. Eskualdeko herriak elkarren ondoan egonda ere, herri bakoitzak izan duen historiak eta bilakaerak ezberdintasunak sortu ditu euskarari dagokionean.
Nafarroan zonifikazioa daukagu. Zoritxarrez. Euskal hiztunon eskubideak ez dira berdinak zonalde batean bizi ala bestean. Etxarrin, printzipioz, euskara ofiziala da, baina ikusten dugu egunerokotasunean euskaraz bizitzea erdaraz bizitzea baino zailagoa dela.
2023an, Nafarroa Oinez jaiaren antolatzaileak izan zineten.
Bai. Hori da. Orain urte bete ospatu genuen herrian Nafarroa Oinez. Helburua izan zen, alde batetik, aldarrikatzea gure ikastola eredua. Hirugarren belaunaldia igarotzen ari gara gure proiektua sortu zenetik. 55 urte ingurutik gora ditu Andra Mari Ikastolak, eta belaunaldiz belaunaldi egin den transmisioari eta euskalkien transmisioari begira jartzea garrantzitsua izan da guretzat. Horrez gain, euskararentzat arnasguneetan gauden eta bizi garen ikastolon garrantzia azpimarratu nahi izan genuen. Arnasguneen garrantziak aparteko pisua du beste lurraldeei begira. Bada modu bat euskarak bizirik mantentzeko.
Aldi berean, zonifikazioaren salaketa egin nahi izan genuen. Euskararen ofizialtasuna denentzat izan dadin eskatu genuen, beti ere ahaztu gabe, beste eremu batzuk gu baino askoz okerrago daudela euskararen osasunari dagokionean.
Biztanleriaren joan-etorri ezberdinak direla eta, arnasguneetan ere euskararen egoera aldatzen ari da. Zein erronka dituzue eskualdean?
Gure ikastolako guraso gehienak euskaldunak dira, baina azken urteetan beste lurralde batzuetako familiak ari dira etortzen, eta horietako gehienek ez dute euskara. Gure Ikastolan euskara oso bizi eta osasuntsu dago, baina baditugu erronka berriak. Familia etorri berriak euskalduntzeaz gain, esku-eskura dugu globalizazioaren eragina eta pantailen erabileraren ondoriozko kaltea. Euskal kultura eta euskararen atzerapena gertatzen ari dela sumatzen ari gara, eta hori da gure kezketako bat.
Arbizun badugu Haur Hezkuntzako egoitza bat eta han UEMA garatzen ari den kulturarteko proiektua txertatzen hasiko gara. Irakurketa positiboa da Arbizun proposatu den proiektuarekiko. Hala eta guztiz ere, gai honetan gabiltzala, Auzoko Laguna proiektua nabarmenduko nuke. Euskaltzaleen Topagunea elkartetik bideratzen den proiektua da. Etxarriko eta Uharte Arakilgo udalek lagunduta ari gara proiektu hau lantzen. Euskara hurbil ez duten ikasleei euskaraz aritzeko espazio bat eskaintzen diegu euskararen erabilera indartzeko. Beti ere, alde ludikoarekin lotuta. Auzoko Laguna proiektuaren protagonistak ikasleak dira, eta ikastetxe guztiok inplikatuta gaude (ikastola eta ikastetxe publikoa). Gure lana da proiektuari jarraipena egitea eta familiekin ere harremanak egitea. Baina parte hartzaileak ikasleak dira, haien arteko harremana da guretzat garrantzitsuena.
Horrez gain, Sakanako Mankomunitateak, UEMAk eta Etxarriko Udalak laguntzen digute euskararen erabilera areagotzeko tresnak lantzen. Gure eskualdean aisialdi guztia ez, baina ia osoa euskaraz gertatzen da, eta hori abantaila handi bat da guretzat.
Ikastola barnera begira, berriz, hizkuntza proiektua dugu, “Hizpro”, ikastola guztiok dugun moduan; etengabeko hausnarketan gabiltza euskararen erabilera hobetzeko baliabideak sortu eta proban jarriz.
Azpeitiko Ikasberri ikastola ere euskararen arnasgune batean dago. Zein ekarpen egin geniezaioke ingurune euskaldunetako ikastolok gainerakoei?
Euskara bizirik eta osasuntsu dugun hezkuntza komunitatea ezinbestekoa du gainerako komunitateak. Beste hizkuntza errealitate bat duten ikastolentzako erreferentzia, iparra eta ametsa izan gaitezke. Horretan, garrantzitsua da euskararen ibilbidean iparra non jarri nahi dugun jakitea, eta guk badugu horren ardura handi bat; iparra gu izan gaitezkeelako. Euskalkia dugu, etxetik datozkigu ikasle euskaldun gehienak, euskaraz bizi gara ia eguneko eginkizun gehienetan. Gure testuinguruak izan daitezke laborategi bikainak euskararen erabileran eragiteko baliabideak sortzeko. Eta horretan ere jarri beharko genuke indarra.
Azpeitiko errealitatea ere gure antzekoa da. Eta horretan, plazer handi bat da ikastola batekin horrelako harremana izatea. Elkarren berri izateko aukera txiki bat sortu dugu. Guretzat, Ikastolaren sare nazionalaren parte garen neurrian, garrantzitsua da gure arteko harremana. Ezberdinak garen arren, helburu komunak ditugu eta elkar aberasten dugu. Kilometroen jaia laster dator, gertu duzue egun handia. Egun ederra atera dadila eta goza dezazuela.