Kilometroak 2024

Eskertza ekitaldiarekin amaitu du Kilometroen urtea Azpeitiko Ikastola Ikasberrik

Erabiltzailearen aurpegia Kilometroak 2024 2024ko urr. 19a, 18:42

Izarraizko Atea parkean landatu dute Kilometroak 2024koek Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek oparitutako pagoa.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek oparitutako pagoa landatu dute Izarraizko Atea parkean. “Pago honek hartuko du eguzki lorearen lekukoa. Hau izango da KMK 24ko kimua, gogoraraziko diguna egin dugun lana eta egiten jarraitu behar duguna”, esan du Maite Bereziartua Ikastolako ordezkariak. Horrez gain, Tutera-Azpeitia egitasmoko azken etapan parte hartu duten mendizaleei harrera egin diete.

Tutera-Azpeitia egitasmoarekin abiatu zen 2024ko Kilometroen urtea otsailean. Eta urte osoan etapaz etapa Nafarroako Erriberatik Azpeitirainoko bidea egin ostean, egitasmo berarekin amaitu dute gaur Kilometroen urtea ere. Gaur iritsi dira Lagun Onak mendi bazkunako mendizaleak herrira, Beasain-Azpeitia arteko azken etapa eginda. Ikastolako haur eta guraso multzo batek harrera egin diete Ikasberri Ikastolaren atarian, Ikusi mendizaleak abestiaren doinupean.

Ikastolan eskertza ekitaldia egin dute gero. Mendizaleei aurreneko eskertza. Bederatzi etapetan egindako bideagatik, eta bide horretan euskararen egoera ezagutzera emateagatik. “Tuteran ikastola eta Errigorako lagunekin izan ginen, Milagron Tuterako ikastolara doazen guraso batzuekin, eta haiei esker otarrak zozkatzen hasi ginen. Lerienen Agerraldiaren berri izan genuen, eta  Errigorako produktuak zozkatzera pasatu ginen. Lizarran Garean euskara elkartea eta ikastolako ordezkariak etorri  zitzaizkigun eta Etxarrin ere ikastolako ordezkariekin bildu ginen”, ekarri zuen gogora Gorka Artola 2024ko Kilometroen koordinatzaileak.

Etapa horietako bakoitzaren amaieran, Errigorako produktuen zozketa egin dute “irabazien %15a euskara sustatzera bideratzen dutelako”. Gaurkoan Beasain-Azpeitia arteko etapan parte hartu duten mendizale denei ardo botila bana eman diete opari.

Pagoa, Kilometroen lekuko

2024ko Kilometroen egunean, urriaren 6an, Pirritx, Porrotx eta Marimotots omendu zituen Ikastolak. Pailazoen emanaldia ere izan zen Azpeitian, Kultur Izpien egitarauren barruan, Kulturaz Kooperatibak eta Ikastolak elkarlanean antolatuta. Emanaldi horren barruan, pailazoek pago bat oparitu zien Kilometroen antolatzaileei, eta pago hori gaur aldatu dute ikastolako kideek Izarraizko Atea Parkean. Hala esan du Maite Bereziartua Ikastolako kideak: “Azken Kultur Izpien kimua dugu berau Izarraizko Atean geratuko dena, beste pago guztien artean, pago honek hartuko du eguzki lorearen lekukoa. Hau izango da KMK 24ko kimua gogoraraziko diguna egin dugun lana eta egiten jarraitu behar duguna”.

Kilometroetako Izpiz izpi abestiarekin dantza eginez ospatu dute urtearen poza.

Boluntarioen garrantzia

Eskertza, baina ez da mendizaleentzat bakarrik izan Kilometroen urtearen bukaera ekitaldian. Artolak banan-banan Kilometroen jaia aurrera ateratzeko beharrezko izan diren batzorde guztiak, eta haiek ez ezik, Kilometroen egunean lanean jardun zuten guztiak ere ekarri ditu gogora. “Eskerrik asko guztioi urte guztian egin duzuen lanagatik, toki ezberdinetatik ari naiz zorion mezuak jasotzen KMK24n egon zen giro ederra dela eta. Baina hau guztia zuei esker izan da! Aupa zuek! Eta hurrengo erronkara arte!”.

Artolak berak ere jaso du aitortza gaurko ekitaldian. Urte osoan egindako lan ezin hobeagatik eskerrak eman dizkio Azpeitiko Ikastolak, eta lore sorta bat eman dio Maite Bereziartuak ikastolaren izenean: “Gorkak ondo esan duen moduan, jende asko da urte honetan guztian lanean aritu dena, izpi ezberdin ugari izan dira urtea argitu digutenak, baina izpi guztiek ardatz bat izan dute. Ardatz hori izan da izpi guztien abiapuntua. Kilometroak antolatzeko proposamena Ikastolara iritsi zenetik izan da ardatz hori denon euskarri. Ardatz hori, denok dakigun moduan, Gorka izan da. Hemen ari da bati eta besteari eskerrak ematen, baina denok eman nahi dizkizugu eskerrak zuri. Eskerrik asko izpi guztiek argi egin dezaten egindako lanagatik!”. Artolak hunkituta jaso du esker ona.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide