Izen berriarekin eta izanari eutsiz, langileon autoantolaketarako tresnak eskaintzen jarraitzeko prest gaude Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistako kideok

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2019ko aza. 4a, 23:47

Urte bat bete da jada aurreneko hausnarketa fasea amaitu eta lehen proposamen praktikoa martxan jartzeko beharrezkoak ziren baldintzak lortu genituenetik. Hala, 2018ko urriaren 19an Esklabetako eraikinaren ezker hegalaren birjabetzeari ekin genion. Proiektua altxatzen lagundu duten ehunka lagunei esker, gaur egun eraikinaren azpiegitura lanak asko aurreratuta daude: etxebizitzak martxan dira, hainbat proiekturentzako azpiegitura lanak eta prestaketak amaitzen ari dira eta proposamen berriei lehenbailehen heltzeko baldintzak aztertzen ari gara.

Krisiaren Seme-alabaken jarduna, ordea, ez da mugatu aipatu berri dugun eraikinaren kudeaketara. Erraki Gune Babes Sarera batu gara, herrian burutu diren mobilizazio desberdinen antolaketan nahiz Euskal Herriko Gazte Sozialiston Topagunearen parte aktibo izan gara, elkarlanerako bideak ireki ditugu beste hainbat herritako kolektibo desberdinekin, eta guzti hori ikuspegi politikoa garatu eta mahai gaineratu dugun bitartean (Ikus apirilaren 17an argitaratutako txosteneko lehen bi puntuak). Euskal Herriko hainbat eta hainbat txokotako eztabaida politikoetan eta hitzaldietan  parte hartu dugu eta datorren hilabete zein urteetan garatu beharreko aktibitate politikoa argitu dugu.

Adin tarte desberdinetako jende gehiagorekin lan egin nahi dugu, eta horiekin batera eraman nahi dugu aurrera autoantolaketa prozesua; botere egituretatik bestelakoa sinestarazi nahi badigute ere, sozialismoaren eraikuntza ez baita gazte zoro batzuen ameskeria, langileriaren aterabide duin bakarra baizik.

Langile kontrol espazioen lubakietatik haratago, desjabetuon baldintzak bizitzako alor guztietan hobetzeko borrokak prestatzeko eta horiek garaipen bilakatzeko proposamenak egin eta aurrera eramateko laguntza antolatzeko konpromisoa hartu dugu.  Ez gara gure arazoak beraiek konponduko dizkigutela esaten diguten instituzio, alderdi eta sindikatuetaz fidatzen. Horregatik, dei egiten diogu langileriari bere orainari heldu eta gainontzekoekin indarrak batu ditzan. Horrela, autoantolaketaren bidez, arazo indibidual moduan ezkutaturik ageri diren arazo estrukturalei modu kolektiboan erantzuteko. Sare sozialistaren lehen eginbeharra, autoantolaketa horretarako tresnak eskaintzea da.

Ez dira nolanahikoak aurrean ditugun erronkak; jakitun gara ez dela bide errazik gauzak errotik aldatu nahi dituenarentzat. Desjabetuoi, etsipenak alde batera utzi eta geure indar eta ahalmenaren kontzientzia hartzea dagokigu: perspektiba orokorra hartzea eta praktika konkretuei heltzea. Aldi berean, praktika konkretuak elkarri lotu eta indarren batasunez aritzeko gaitasunak eskuratzea dagokigu. 

Lan horietan ekarpena egiteko asmoz, Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistako kideok pres gaude gure bigarren urteari ekiteko!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide