Urtarrilaren 16rako manifestazioa deitu du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak, 'Garai ilunetan, antolakuntzaren indarra' lelopean

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2021ko urt. 3a, 11:55

Langileriak pairatutako gertakari gogorrenak salatzeko Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistak antolatu ohi zuen mobilizazioak inoiz baino garrantzi handiagoa hartzen du aurten. Hori dela eta, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak haren lekukoa hartu eta manifestazioa egingo du hilaren 16an. Azpeitiko plazatik abiatuko da protesta, 19:00etan hasita. Gainera datorkigun etorkizun beltza salatzetik harago, langile antolakuntzaren aldeko aldarria kalera atera nahi du kontseilu sozialistak, oldarraldi kapitalistari aurreko egiteko modu bakarra langileriak bere burua antolatzea dela defendatzeko.

Esan gabe doa pandemia izan dela aurtengo gertakaririk garrantzitsuena, baina pandemia aitzakia hartuta langileriarengan ondorio latzak ekarri ditu egungo egoerak. Agintari politikoek birusaren hedapena kudeatzeko izan dituzten ezintasunek eta azpijokoek garbi utzi dute, langileriaren etorkizun hobe bat baino, bizitzeko modu honen oinarri ekonomiko nahiz kultural berriak ezarri nahi direla, langileria oraindik eta gehiago zapalduz eta kaosera eta etengabeko ziurgabetasunean bizitzera bultzatuz.

Lan munduan ongizate estatuaren gainbeherak eta kapitalak berez behar duen etekin ekonomikoa mantentzeak langileriari lan eta bizi baldintzak nabarmen kaskartu dizkio: enplegua erregulatzeko espedienteek, ABLE aldi baterako laneko enpresek, praktika kontratuek, aldi baterako kontratuek edota kontraturik gabe lanean dabiltzanen kopuruek gora egin dute hilabete gutxiren buruan, eta gutxi barru hori izango da egoera orokortua soldatapeko lana aurkitzen duenarentzat. Pandemiaren aitzakiapean inposatutako neurriak dira, baina ez da, birusarentzat bezala, neurri horientzako sendagairik sortuko, eta antolatu ezean, datorkiguna onartzera behartuta egongo gara: sinetsarazi nahi digutena da daukaguna onartzea edo pobrezian erortzea direla aukerak. Dikotomia faltsu horrek eraman gaitu urte luzez borrokan irabazitako eskubideak galtzera. Gainera, langileriaren otzantasunak erraztu egin dio burgesiari lan erreformak eta oinarrizko askatasunen aurkako legeak inposatzea, kolore guztietako alderdien eskutik ahalbidetuz hau guztia, aurrerakoien nahiz eskuinekoen eskutik. Gure onerako omen ziren aldaketen ondorioz badator burgesiak ezarri nahi duen joko zelai berria, eta paradigma aldaketa honetan ere langileria izango da galtzaile nagusia.

Azken urteotan pairatzen ari ginen pobretzea eta proletarizazio prozesua ikaragarri hazi dira egoera berriarekin, eta langileria ataka estuan jarriko du berehala. Geure burua erreproduzitzeko gastuak igotzen doazen bezala, bizitzeko baliabideak geroz eta murritzagoak dira; soldatapeko lanean arituta ere, gutxirekin bizitzera ohitu gara. Zer esanik ez merkatutik kanpo geratzen direnak edota inolako babes juridiko eta sozialik ez dutenak. Murrizketa horiek hainbat mailatan gauza daitezke: etxea ordaintzeko arazoak, lanera joateko osasuna arriskuan jarri beharra edo pobrezia eta gosea pairatzea dira zenbait adibide.

Askatasun politiko eta zibilak ere ukatu zaizkigu: kontrol sozialaren areagotzea, etxeratze aginduak, Mozal legearen aplikazio arbitrarioak, poliziaren presentzia handitzea, mugikortasunaren ukapena… Birusaren hedapena gelditzeko biolentzia hori erabili behar dela entzuteak zentzu guztia galtzen du, gerra testuinguruetan hartu ohi diren neurri autoritarioak baitira, langileria otzantzea beste helbururik ez dutenak.

Horrek guztiak begien bistan uzten du kontrolaren eta beldurraren mekanismo horiek langileria injustiziaren aurka ez altxatzea beste helbururik ez dutela. Aipatutakoak aintzat hartuta, inoiz baino agerikoagoa da burgesiak hasi duela ofentsiba kapitalista. Eta langileriaren gaitasun politikoa jokoz kanpo utzita, nekez egingo diogu aurre errealitate basati honi. Eskubide sozial eta politikoen defentsa lehen lerroan kokatu behar dugu, tresna bakarra dugun borroka politikoa bera ere ukatu egingo zaigulako bestela. Bide hori berrartzea langileriak bizitzeko eta borrokatzeko baldintzen aldeko bidea hartzea da, langileriaren proiektu historikoa den sozialismorako bidea hartzea. Bide horretan antolakuntzaren indarra batzeko momentua dugu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide