Martxoaren 3a: iragana lanabes, oraina borrokarako ardatz

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2021ko mar. 1a, 19:50

1976ko martxoaren 3an Gasteizen jazotakoak gogoan, irakurketa eta gertakarien inguruko liburuxka kaleratu du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak.

1976ko martxoaren 3a Euskal Herriko langile mugimenduaren historian beltzez markatutako eguna dugu. 45 urte igaroko dira asteazken honetan egun hartatik. Pedro Maria Martinez, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda erail zituzten Estatuaren indar polizialek egun hartan. Bost langile erail horientzako, eta hilabete gogor horietako zaurituen eta errepresialiatuentzako oroimenik onena prozesu sozialista elikatzen jarraitzea izango da gure partetik.

Bi hilabete pasatxo iraun zuen greba hark Gasteizen, eta irakaspen politiko baliagarriak atera daitezke gertakari hartatik. Langileriaren independentzia ideologikoa eta politikoa, sindikatuen funtzio kolaboratzailea edota demokrazia burgesaren amets faltsua aipa genitzake elementu politikoak atera nahiko bagenitu. Gerora, langile mugimenduaren historia klase zapaltzailearen ahotik entzun izan dugu, tartean martxoaren 3ak ere, ekar diezazkigukeen irakaspenak ezkutatuz eta errealitatea desitxuratuz.

Azken gertakari hori langileriaren porrot ideologiko bat izan da ezbairik gabe, klase zapalduaren historia zapaltzaileek kontatzen duten bitartean justizia historikoari izkin egiten baitiogu etengabe. Horregatik, perspektiba iraultzaile batetik begiratu behar diegu orduko gertakariei, orduko errealitatea aztertuz, eta egungo errealitatea prozesu sozialista iraultzailerantz bultzatzeko. Horregatik, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistatik orduko gertakarien inguruan hitz egiten duen liburuxka bat atera dugu, sarean nahiz paperean eskuragarri egongo dena.  Horrenbestez, gure sare sozialetan irakurgai izango duzue bitarteko hori, eta kalean ere euro baten truke salgai egongo da paperean irakurri nahi duenarentzat, gastuei aurre egiteko jarritako prezioan. Irakurri liburuxka, hemen.

Gora langile mugimenduaren historia!

Gora langileon borroka!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide