Gaur martxoaren 5ean, 15:00 aldera, langile bat eraila izan da Azpeitian. Kamioi baten deskarga egiten ari zela Amue kaleko Mendiaraiz lantegian, burdin zatiak azpian harrapatuta hil da langilea zapalketek eragindako zauriengatik. Ohar honen bitartez, lehenik eta behin, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistatik gure doluminak eman nahi dizkiegu familiari, ingurukoei eta lankideei.
Gogor salatzeko moduko gertakari bat da gure ustez honakoa. Izan ere, hiru hilabete oraindik pasa ez direnean, bederatzigarren langile eraila da Azpeitiakoa Euskal Herrian. Duela egun gutxi Soraurenen 53 urteko beste langile bat hil zen, eta lan-istripuak ere gorantza doaz urtea hasi zenetik. Era berean, Euskal Herriko hainbat txokotan aurrera eramaten ari diren grebak eta bestelako borrokak geroz eta ugariagoak dira, eta ezbehar hauen guztien atzean ezkutatzen dena lan-baldintzen eta, ondorioz, bizi-baldintzen kaskartze sistematikoaren ondorio dira.
Gauzak horrela, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistatik igande eguerdiko 12:30erako elkarretaratzea deitu dugu herriko plazan. Bertara gonbidatzen zaituztegu beraz, lan-istripu hilgarri hau salatzeko eta indarrak batuta langile antolakuntzaren aldarria mahai gainean jartzeko basakeria kapitalista hau geldi dezagun.