Maiatzaren Lehena eta datozenak

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2022ko mai. 4a, 20:22

Urtero bezala, Kontseilu Sozialistetatik mobilizazioak deitu genituen Euskal Herri osoan zehar Maiatzaren Lehenean. Lehenik, eguerdian Donostian mobilizatu ginen, eta, gero, arratsaldean eskualdeko hiru herrietan.

Mobilizazioetan adierazi bezala, gure ustez langileriaren antolakuntza politikoa da sozialismoa eraikitzeko lehen premisa, eta beharrezkoa da bizi dugun krisi testuinguruan langileria bere behar eta premia politikoen arabera antolatzen hastea. Horregatik, bakoitzaren konpromiso eta gaitasunen arabera, nork bere ekarpena egiteko deia luzatzeko aprobetxatu genuen egun hau.

Horretan gabiltza Urola Erdiko Kontseilu Sozialistatik azken asteotan, eta horretara etorri da Aurrerapauso bat langile antolakuntzan! dinamika ere. Aholkularitza laboralak urtebete bete duen honetan, bertako irakaspenak atera eta aurrera begirako erronkez hausnartzeko aprobetxatu nahi ditugu antolatutako ekimenak. Pasa den ostiralean izan zen lehen hitzaldia, eta bertan obrerismoaz eta egungo langileriaren konposizioaz jardun genuen. Eta datozen hiru ekimenak ere langileriak arlo laboralean beharrezkoak dituen autodefentsa mekanismoez eztabaidatzeko erabiliko ditugu, aste honetan Azkoitian, hurrengoa Zestoan, eta azkenik, maiatzaren 20an Azpeitian, Langile Autodefentsa Sarez osatu dugun mahai inguruan.

Horiekin batera, aste hauek aprobetxatu nahi ditugu aholkularitzaren urtebeteko ibilbideak utzi digunaz hitz egiteko eta langileria lan munduan gertatzen diren injustiziez eta abusuez ohartarazteko. Izan bedi, beraz, dinamika hau ere, Maiatzaren Lehena izan den gisa, langileria antolatzeko eta sozialismoaren eraikuntzan ekarpen txiki bat egiteko aurrerapausoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide