Gasolinaren prezioari muga ezarri lelopean manifestazioak izango dira zapatuan, uztailak 2, Bilbon eta Iruñean, Kontseilu Sozialistak antolatuta, eta Bilboko protestara joateko autobusa antolatu du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak. Joan-etorria autobusez egin nahi duten herritarrek 611 64 13 67 zenbakira Whatsapp mezua idatzi edo Haginpe tabernan izena eman beharko dute. Bidaia hamar euro ordaindu beharko da, eta zapatuan 16:00etan aterako da autobusa anbulatorioaren aurretik.
Bizitzaren garestitzea gero eta zama handiagoa da langileontzat. Krisi kapitalistak sorturiko oinarrizko produktuen prezioen igoerak, enpresa askotako soldaten jaitsierarekin batera, egoera biziki larrian utzi du langileriaren zati handi bat. Gainera, hainbat neurgailuren arabera, 2023. urtera arte, behintzat, jarraitu egingo du igoera horrek. Langileria osoaren aurkako testuinguru biolento horretan, erregaiena da gehien larritzen duen gaia; izan ere, bai gasolina litroak, bai diesel litroak bi eurotik gora balio dute gaur egun, eta hainbat iragarpenen arabera, prezioak hiru eurora irits daitezke uda honetan bertan. Soldaten jaitsiera antolatu bat daukagu gure aurka, enpresari handiek eta politikari profesionalek gidatuta, enpresa ertain eta txiki guztietara hedatzen ari dena.
Gauzak horrela, erregaien prezioaren igoeraren aurrean bere burua zuritzeko, laguntza sinboliko bat ezarri zuen Espainiako Gobernuak. Izan ere, prezioak etengabe ari direnez gora egiten, ez du ezertarako balio izan litroko hogei zentimoko deskontuak. Are gehiago: gobernua diru sarrerak handitzen ari da erregaien prezioen igoerari esker, zergen bidez. Erregaien prezioen igoera etengabearen atzean, multinazional handien eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarlana dagoela salatu nahi dugu, helburu hauek dituena: multinazional horien irabaziak biderkatzea eta Espainiako Estatuaren diru iturrien hazkunde artifiziala, langileon soldaten erabateko lapurretaren bidez.
Honako lotura honetan irakur daiteke Kontseilu Sozialistaren irakurketa osoa.