Piaspe proiektu eolikoa

Gure mendiak ere industrializatu ez ditzaten

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2022ko urr. 10a, 13:58

Gutun honen bitartez, Sañu Bizirik!-ek biharko deitu duen kontzentraziorako deia zabaltzen du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak, hain zuzen ere, gure mendiak ere industrializatu ez ditzaten.

Ingurugiroaren desorekaren eta bere baliabideen suntsitzea eta xurgatzea geroz eta nabarmenagoa da, eta ondorioz, gutxieneko bizi baldintzak mantentzea ezinezko bihurtzen ari da. Zerbait egin behar honetan, elite ekonomikoek eta politikoek jasangarritasunaren eta trantsizio ekologikoaren diskurtsoak ebidentzia gisa saltzen dizkigute, betiere euren baldintzen pean, hau da, epe luzera begira irabaziei eusteari azpiratuta. Klima eta ingurugiro krisiaren oinarrian, ordea, ekoizpen modua bera dago, zeinak dena irentsi behar duen etekinak sortu eta boteredunen dominazioa betikotzeko. Bertsio ofizial honek dakartzan aldaketak eta norabidea konpetentzia kapitalistaren baitan ulertu behar dugu ordea, eta agente ekonomiko eta politiko desberdinak datorren joko zelairako prestatzen ari dira. Eta noski, politikari profesionalek ere ez dute joko honetatik kanpo geratu nahi, ez gure eskualdean, ez Euskal Herrian.

 

Zentzu horretan, duela aste gutxi izan genuen Piaspe proiektu eolikoaren berri: Statkraft enpresa izango da proiektua gauzatuko duena, eta itxura guztien arabera, 200 metroko altuera duten bost dorre izango ditugu Sañu mendiaren inguruan. Proiektu honekiko gure oposizio irmoa adierazten dugu; ingurumenaren eta gizakiaren harreman jasangarrian sakontzetik urrun, bere txikizio konponezina dakarrelako. Gureak izan litezkeen ingurumen ondasun, paisaia ondasun, aisialdirako baliabide eta nekazaritza edota abeltzaintza baliabideen suntsiketatik harago, aurrera begira gizaldi honek egin ditzakeen aldaketa integralen kontra doa proiektu hau: proiektua egiteko baliabideen xahutzea ikaragarria izateaz gain, jendarteari eginiko etengabeko kanpaina ideologiko moralistak eta partenalistak jendearen borondate ona nahasten du.

 

Hondamendi klimatikoa gure bizkar jartzen ari dira beste behin, eta guztiok egin beharko genituzkeen esfortzu gisa salduko digute proiektua, ekoizpen ereduaren beraren ondorio logikoa den bitartean. Zentzugabekeria eta basakeria kapitalistaren beste adibide bat besterik ez denez, gu aurrean izango gaituzte. Euskal Herrian egin asmo dituzten antzeko proiektu guztien inpaktua ikustea nahikoa da arazoaz jabetzeko. Adieraztekoak dira baita ere, hurbiltasunagatik Azkoitia eta Zumarraga artean egin nahi dituzten parke eolikoak. Hau hasi besterik ez da egin.

 

Kapitalismoak eta bere ordezkariek ezingo diote ingurumen hondamendiari aurre egin, soilik proletalgoak munduko baliabideak eskuratu eta bere interesetara jarrita gauzatu daiteke arrazoizko iraultza energetiko bat, jendarte osoaren beharretan oinarrituta, eta ez gutxi batzuen interes alderdikoi edota ekonomikoetan. Bien bitartean, basakeria kapitalistari aurre egiteko erresistentzia espazio ezberdinetan jarraituko dugu lanean, proletalgoaren eta bizi-baldintzen alde autodefentsa esparru guztietara zabaltzeko asmoz. Horrenbestez, gutun honen bitartez Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak Sañu Bizirik!-ek biharko deitu duen kontzentraziorako deia zabaltzen dugu, hain zuzen, gure mendiak ere industrializatu ez ditzaten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide