Ander Mendiluze: "Zentro Sozialistak Mugimendu Sozialistaren egoitza politiko eta sozialak dira"

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2022ko urr. 21a, 09:32

Ander Mendiluze.

Arteka Gedar-eko 2022ko iraileko zenbakirako, 31. zenbakia, Ander Mendiluzeri zentro sozialisten inguruan eta aurrera begirako erronkez eginiko elkarrizketa da honako hau:

Urrian lau urte bete ditu Azpeitiko Esklabak Zentro Sozialistak. Eztabaida eta hausnarketa luzeko prozesu baten ostean, hainbat gaztek Esklabak eraikinera sartzeko hautua egin zuten. Gaur egun, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistarena ez ezik, Mugimendu Sozialistako hainbat antolakunderen egoitza ere bada. Zentro Sozialisten inguruan eta aurrera begirako erronkez aritu da Ander Mendiluze.

Zein testuingurutan okupatu zenuten Esklabak Zentro Sozialista?

Proiektuaren jatorriaz hitz egiteko, gero "ziklo politiko berria" deitu denaren atarian Euskal Herri osoan hedatzen ari ziren eztabaida prozesuetara jo beharra dago. Ezker Abertzalearen (EA) noraez instituzionalaren eta krisi kapitalistaren sakontzearen arteko konbinazioak panorama politiko berriari buruzko hausnarketa-giroa sortu zuen gazteria militantearengan.

Urte haietan, jarduera politiko ia guztia Azpeitiko Gaztetxean egiten genuen, herriko gazteria proletarioak pairatzen zituen eguneroko arazoen inguruan lan eginez batez ere. Hala ere, aurretik aipatutako eztabaida prozesuek antolaketa integralagoa garatzera behartu gintuzten, gazte eta ikasle esparruetara mugatu gabe, eta langile klasearen problematika guztiak barne hartuko zituen lan-lerroak irekiz. Esklabak Zentro Sozialistaren okupazioak beraz, jaiotzen ari zen Mugimendu Sozialista espazio fisikoz lagundu eta hornitu zuen.

Zeintzuk dira eraikinak betetzen dituen funtzioak? Zer egiten da Zentro Sozialistetan?

Zentro Sozialistak Mugimendu Sozialistaren egoitza politiko eta sozialak dira. Espazio horiek barne hartzen dituzten proiektuak Kontseilu Sozialistek aurrera eramandakoak dira nagusiki. Hemen, proletalgoaren bizi baldintzen okertzeari eusteko eta egoera horri buelta emateko eginkizuna duten hainbat lan-lerro ditugu, krisi kapitalistak gogorren jo dituen gizarte-sektoreei baliabideak eskaintzeko tresnak modu eraginkorrean antolatuz.

Esklaben kasuan, adibidez, bere burua defendatzen jakingo duen militantzia bat sortzeko gimnasio bat dugu; oinarrizko produktuen banku bat dugu martxan, non 100 boluntariok baino gehiagok parte hartzen duten eta 250 pertsona inguru hornitzen dituen; lan-gatazkei buruzko aholkularitza eskaintzen duen bulego bat dugu; hitzaldiak, proiekzioak, kultur ekintzak edo bilera handiak egiteko balia daitezkeen areto multifuntzionalak ditugu, hala nola, Burdin Hesia edo Oh gu hemen! grabatzeko (Gedar Telebistako saioak); eta etxebizitzak eta bilera-gelak ere baditugu, Mugimendu Sozialistaren barne ekintzak azpiegituraz hornitzera bideratuak, batez ere.

Zeintzuk dira etorkizunera begira dauzkazuen erronka nagusiak?

Gure erronka handienetako bat okupatutako espazioen administrazio- eta kudeaketa-eredu zaharrarekin haustea da, proletario iraultzaileen beharrei erantzungo dien beste bat ezartzeko. Hau da, serioa eta garbia izango den espazio bat, egonkorra eta erregularizatua, Mugimendu Sozialistaren helburuen mailan, horrela azken hori ere bere baitan har dadin. Eta, jakina, espazioaren defentsa on bat eskatzen du horrek. Hitz gutxitan, espazioa kontrolatzeko paradigma berri bat eraikitzea da kontua.

Elkarrizketa osorik irakur daiteke Gedar Langile Kazetaren Arteka atalean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide