Hilaren 19an, larunbatez, izango da Esklabak Zentro Sozialistaren VI. urteurren festa. Egun osoko egitaraua antolatu dugu egun horretarako: umeentzako ikuskizuna, bazkaria, umore saioa, kirol ikuskizunak eta kontzertuak.
VI. urteurrenaren atarian, zera esan nahi dugu: guretzako Esklabek berebiziko garrantzia daukate, eta beharrezkoa dugun azpiegitura izateaz gain, mugimendu bezala hazten lagundu digun espazioa izan da. Bertara sartu ginenetik sei urte pasatu dira, eta hamarnaka iniziatiba eta proiektu atera dira aurrera bertatik: formakuntzak, biltegiak, aholkularitza juridikoak, aisialdi eskaintzak edota orain klase partikularrak.
Hala ere, aipatutakoez gain, aurrera begira dauzkagun asmoak oraindik gehiago dira: bertan aurrera ateratzen diren egitasmoek gizartea beste era batera antola daitekeen islada gisa balio dute, eta sektore zaurgarrienei antolakuntzarako baldintzak eta babesa ematen dizkiete. Zentro Sozialistak, azken finean, proiektu sozialistaren zutabe eta gizarte berri baten errainu dira.
Urteurren egunari dagokionez, goizeko ikuskizuna doan izango da, eta bazkaria eta arratsaldeko ikuskizunak hamabost euro ordaindu beharko dira. Kirol ikuskizuna eta kontzertuak ikusteko, berriz, zortzi euro ordaindu beharko dira. Txartelak Haginpe tabernan nahiz Kontseilu Sozialistaren Instagram eta Whatsapp kontuetatik lor daitezke.
Izan dadila, beraz, urriaren 19a egin duguna oroitzeko eta ospatzeko eta aurretik dauzkagun erronkei ilusioz begiratzeko eguna.