Faxismoari arnasik ez

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2024ko urr. 25a, 08:53

Apirilean VOX alderdi ultraeskuindarrak egindako ekimenaren harira, 20 herritar deklaratzera deitu dituzte.

Azaroan zehar 20 herritar deklaratzera deitu dituzte Azpeitiko epaitegira. Antza, pasa den apirilean VOX alderdi ultraeskuindarrak propaganda politikoa egiteko asmoz Azpeitian egindako ekimenaren harira datoz deklarazio eskaerak.

Gogoratu behar dugu hauteskunde kanpainaren testuinguruan VOX alderdiko hainbat ultraeskuindar etorri zirela beraien ideia faxista, erreakzionario eta baztertzaleak zabaltzeko helburuarekin. Egoera horren jakitun, hamarnaka herritar kalera atera ziren protestan. Horri esker, faxistak uneoro indar polizialen babesean egonda ere, ekimena bertan behera uztea lortu zuten.

Argi dago prozesu judizial honen bidez VOXek ideia faxisten aurka kalera ateratzen direnei beldurra eragin nahi diela. Kontrara, beldurra eta intimidazioa lortzetik urrun, elkartasuna handitu eta faxismoaren aurkako jarrera indartzea besterik ez dute lortuko. Aldi berean, azpimarratu nahi dugu faxismoaren presentziaren aurrean ezin dugula beste aldera begiratu, eta antolakuntzaz eta borrokaz soilik egingo zaiela aurre.

Salatu egin nahi dugu justiziak instituzio zein komunikabideetan mezu arrazistak eta baztertzaileak zabaltzen dituzten alderdiak babestu eta horiei aurre egiten dietenak jazartzen dituela.

Azkenik, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistatik ikertuak izaten ari diren herritarrei babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu, eta dei egiten dugu faxismoaren aurka antolatzera. Era berean, borroka honetan antolatzen diren ekimen ezberdinetan parte hartzera eta babesa ematera deitu nahi ditugu herritarrak.

(Argazkia: Gedar Langile Kazeta)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide