Valentziako herri langileari elkartasuna adierazteko mobilizazioak izango dira bihar

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2024ko aza. 7a, 16:46

(Argazkia: Gedar Langile Kazeta)

Bihar izango da mobilizazioa Bilboko Eliptika plazan, 18:30ean hasita. Hara kotxez joateko bi hitzordu jarri dituzte, 17:00etan: Esklabak Zentro Sozialistan, eta Azkoitiko Eroski txikiaren aurrean.

Valentziako eta Espainiako Estatuko hegoaldeko hainbat lurraldetako herri langilea bizitzen ari den hondamendia ikaragarria da. Ehunka hildako eta desagertu daude orain dela astebete gertatutako ekaitzen ondotik. Horrez gain, txikizioa ikaragarria da eta milaka familia geratu dira etxerik eta baliabiderik gabe. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak Valentzia eta gainontzeko lurralde horietako herri langileari elkartasun osoa adierazten dio.

Egoera honek erantzule zuzenak ditu. Neurriak hartu zitezkeen, bai ekaitzaren aurretik, eta baita ekaitzaren ondoren ere. Eta hartu dituzte, baina negozioen alde: eta langileen aurka. Ekaitzaren aurretik, hirigintza basati eta arduragabea saihestu zitekeen, baina askok eta askok, politikariek zein enpresariek, negozioa egin dute eraikuntzarekin, urperatze arrisku handiko eremuetan eta beren legeen aurka.

Ekaitzaren aurretik ere, langileria babesteko neurriak har zitzaketeen, teknikariek alarma emanda zeukatenean. Ekaitzaren ondoren, berehalakotasunez baliabide guztiak jarri zitzaketeen krisiari aurre egiteko, baina ez dute egin. Eta hori guztia horrela egiten dute, ez horrenbeste gaitasun ezagatik, baizik eta gure klase etsaiak direlako. Hori guztiaz gain, kapitalismoak eragindako beroketa globalak eta krisi ekologikoak muturreko fenomeno meteorologikoen maiztasuna areagotzen dute.

Instituzio guztietako agintariek –errege etxeak, PP eta PSOE alderdiak–, guztiek, argi utzi dute zein den Espainiako monarkiaren oinarria: egoera basatienean ere, burgesiaren interesak defendatzea, herri langilearen beharrizanak albo batera utziz. Ia astebetez, beraien jarduera nagusia polizia eta armada bereziki ordena publiko burgesa mantentzera bidaltzea izan da, eta Valentziako herri langilearen egoera jaurtigai politiko bezala erabili dute.

Enpresariak ere egoera honen erantzule dira. Herritarrak lanera joatera derrigortu zituzten hondamendia geratu zen egunean, eta haien bizitzak arriskuan jartzera behartu. Oraindik ere ikus daiteke antzekorik, txikizioa jazo den herrietako biztanlde ugari lanera joatera behartzen ari baitira, horretarako garraio baliabiderik existitzen ez den arren eta beraien ingurune guztia berreskuratzen hasteko nahikoa lan daukaten arren.

Estatuaren deslegitimazio egoera eta krisi honen aurrean, eskuin muturra ere kanpaina egiten ari da herritarren haserrea bere mesederako erabili nahian, arazoaren erroa desbideratuz eta politikari zehatz batzuen gaitasun gabezia eta traizio gisa azalduz. Baina krisi honek sakoneko kausa du: estatu eredu burgesa eta oinarrian dagoen eredu sozial kapitalista. Eskuin muturrak, gainontzeko alderdiek bezalaxe, agintea bere gain hartu nahi du, ez burgesiaren diktadurarekin amaitzeko, baizik eta hura modu autoritarioago batean gauzatzeko. Aurrean izango gaituzue.

Horrelakoetan ikusten da argien estatu burgesak agintarien pribilegioak bermatzeko eginda daudela eta ez langileen bizitzak babesteko. Horren adibide argia armada erregularrarena da. Izan ere, egitura horren funtzioa Mendebaldeko herrialde kapitalistetan estatuen posizio inperialista bermatzea da, eta ez langileria laguntzea. Estatu burgesa ez dago prest baliabide sozialen eta ekonomikoen mobilizazio orokor batek eragiten duen gastua bere gain hartzeko, helburua herri langilea babestea denean.

Honenbestez, estatu kapitalista da hondamendi honen erantzulea. Bera eta bere inguruan mugitzen diren borrero guztiak: politikariak zein enpresariak. Langileriaren erreferente politiko iraultzailea indartzearen beharrizana azpimarratu nahiko genuke, eta hori nazioartean eraikitzearen eginkizuna.

Hondamendi honen erantzuleen aurka eta klase elkartasuna ardatz, EHKSk mobilizazioak deitu ditu ostiral honetan Bilbon eta Iruñean. Bertan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide