Etxebizitza bateko metro koadroa 2.136 euro Azpeitian, azken hamar urtetan 10.000 etxegabetzetik gora Hego Euskal Herrian, 25.450 etxe huts eta 906 etxegabe EAEn, soldataren %40 hipoteka ordaintzera bideratu beharra eta abar luze bat. Horiek dira etxebizitzarekin lotuta dauden arazoetako adibide gutxi batzuk, eta errealitatea ez da askok diotena bezain ideala.
Burgesiaren irabazi tasak mantentzeko, gizarteko esparru guztietan berregituraketak gauzatu behar dira, eta etxebizitzaren alorra ez da salbuespena. Jabe handiak eta errentariak ahaleginak egiten ari dira prezioak igotzeko eta jabetzak metatzen jarraitzeko. Horrela, geroz eta ohikoagoak bihurtu dira etxegabetzeak, etxebizitza bat eskuratzeko ezintasuna, emantzipatzeko adinaren goranzko joera, etxebizitzen kalitatearen kaskartzea... Arazo horien aurrean, instituzioak ez dira gai langile klasearen eskubideak bermatzeko, eta gainera, joera horiek guztiak instituzionalizatzen eta legeztatzen dituzte.
Gure eskualdea ez dago errealitate horretatik salbu. Etxebizitzaren eta alokairuen prezioen errekor historikoak, gazteen emantzipatzeko zailtasunak, etxebizitza eskuratzeko irizpideen gogortzea... Geroz eta zailagoa zaio proletalgoari kalitatezko etxebizitza bat eskuratzea, eta langile klasearen geroz eta kapa zabalagoa babes gabe ageri da.
Aldi berean, egoera horiek negoziorako aukera dira putre funts, inbertsore handi, banku, erakunde publiko edota hain handiak ez diren jabe handientzat, eta etxebizitzaren merkatutik geroz eta irabazi handiagoak ateratzen dituzte. Beraz, alde batean aberastasuna eta jabetzak kontzentratzen dira, eta bestean, pobretzea areagotzen da.
Guk argi daukagu: ez dago espekulatzaileen eta gure klasearen artean interesak bateratzerik. Ez dago erdibiderik, negozioaren alde edo etxebizitza eskubidearen alde. Etxebizitzak merkantzia izaten jarraitzen duen bitartean, ez da eskubidea izango.
Horregatik guztiagatik, Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek bat egin dute abenduaren 14an Bilbon manifestazioa deitzeko. Hara joateko deia luzatu nahi dugu, eta, bide batez, abenduaren 5ean Azpeitian egingo dugun manifestazioaren inguruko informazio gehiagoren berri emateko antolatu dugun asanbladara bertaratzeko ere bai.
Etxebizitza eskubidea bermatu, negozioari ez! Abenduaren 14an, Bilbora!