Lapurreten aurkako firma bilketaren harira

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2024ko abe. 23a, 09:52

Azken hilabeteetan herrian egon diren lapurretek sortutako kezka dela eta, Azpeitiko merkatarien elkarteak bultzatutako sinadura bilketaren harira idatzitako artikulua da honako hau. 

Azken hilabeteetan herrian egon diren lapurretek sortutako kezka dela eta, Azpeitiko merkatarien elkarteak bultzatuta, sinadura bilketa bat abiarazi dela jakin dugu duela gutxi. Azpeitiko Udalari eta Zarauzko Ertzaintzako komisaldegiari zuzendutako sinadura bilketa horretan, "udaltzainen zein ertzaintzaren presentzia" areagotzea eta lapurreten aurkako araudia gogortzea eskatzen da, "lapurreta errepikatuak zorrotzago tratatzeko aurkera bermatuz". 

Lapurretak dendariei eragin diezaizkieken kaltea ukatu gabe, lapurreta horiei aipaturiko moduan aurre egin nahi izatearekiko gure aurkakotasuna adierazi nahi dugu.

Azkenaldian, Mugimendu Sozialistatik birritan azaldu dugu nola segurtasun ezaren aitzakiapean ultraeskuina estatuaren bira autoritarioaren beharra azpimarratzen ari den. Behar hori justifikatzeko, gizarteko sektore pobreenak kriminalizatzen ditu: etorkina, okupa, langabetua... Beraien diskurtsoak funtzio argia du: milaka pertsonarentzat miseria, ziurgabetasuna eta gizarte-bazterketa sortzen dituen sistema kapitalista eta berau defendatzen duten enpresari, bankari eta politikariengandik fokoa kendu eta ezer ez dutenak seinalatzea, horrela, langile klasearen barnean etsaitasuna eta banaketa eraginez.

Kontrakoa sinestarazi nahi diguten arren, hemen lapur handienak boterea dutenak dira: gure etxeetako argindarraren prezio izugarrien kontura aberasten diren energia enpresak, osasungintzan eta hezkuntzan murrizketak dauden bitartean langileok jarritako diru publikoz hornitzen den armagintza industria, etxebizitza bezalako oinarrizko ondasunen espekulazioari esker aberasten diren bankariak...

Telebistan, sare sozialetan zein egunkarietan diskurtso erreakzionarioekin bonbardatzen gaituzte egunero; hori dela eta, gizartearen gero eta zati handiago bat hasi da pentsamolde erreakzionarioa (matxista, arrazista, klasista...) erreproduzitzen. Horregatik asaldatzen da gizartea lapurreta txikien aurrean, lapurreta handien aurka ezer egiten ez duen bitartean.

Uste dugu sinadura bilketa honek, lapurreten aurrean zigor gogorragoa eskatzearen bidez, lehenago aipatutako diskurtsoa hauspotzen duela; era berean, gure ustez, modu horretako neurrien ezarpenak eragin oso kaltegarriak izan ditzake langile klaseko sektore pobretuengan. Zentzu horretan, krisi kapitalista eta miseria orokortuaren testuinguruan, lapurreten aurkako araudia gogortzeak eta polizia kopurua handitzeak lapurreta egin beste aukerarik ez duten horien errepresioa gogortu besterik ez du egingo, arazoaren muinera jotzetik urrun. Izan ere, lapurreten areagotzeak, orokorrean, lotura zuzena du pobreziaren areagotzearekin. Bide horretan, guztiok eskubide eta bizi baldintza berdinak edukitzeko egin behar dugu lan, pobreziaren aurka borrokatu behar da. 

Bestalde, poliziaren puntuari dagokionez, horren presentzia handituz gure segurtasuna bermatuko denaren ideia faltsua da. Izan ere, nola planteatu daiteke poliziak babestutako gaituela beraiek direnean udako erailketa matxisten %15a eta 2024ko Bizkaiko eraso arrazisten erdia gauzatu dituztenak, hamarkadetan zehar torturatu gaituztenak, manteroak erreprimitzen dituztenak, Iñigo Cabacas hil zutenak...

Amaitzeko, 2025eko udal aurrekontuetan udaltzaingoaren kopurua handitu izana ere kezkagarria iruditzen zaigu, jakinda, ertzaintzaren modu berean, udaltzaingoak ordena soziala ezbaian jartzen duen langile klasearen adierazpen oro erreprimitzeko funtzioa duela; garbi ikusi zen hori apirilean, herritarren protestei aurre eginez, VOX alderdi ultraeskuindarreko kideak babestu zituztenean.

Faxismoaren eta ideia erreakzionarioen gorakadaren testuinguruan, Kontseilu Sozialistatik gutxi batzuen ongizatea soilik bermatzen duen gizarte ereduaren aurkako borrokan berresten gara, eta, bide horretan, mota guztietako ideia atzerakoiei aurre egiten eta kontzientzia sozialista zabaltzen jarraituko dugu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide