Hitz gutxiago, ekintza gehiago lelopean, Palestinarekin Elkartasuna plataformak mobilizazioak egingo ditu bihar, ostiralarekin, Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Plataformaren hitzetan, azken asteotan Israelekin harremanak etetearen inguruko diskurtsoak areagotu egin dira. Besteak beste, Espainian armen enbargoa eztabaidatuko da eta Frantziak Palestina aitortzeko asmoa adierazi du.
Hitz horiek, ordea, ez datoz bat Europako herrialdeetako gobernuen zein instituzioen ekintzekin. Izan ere, sarraskia gertatu den hogei hilabeteotan ez dute horri aurre egiteko neurri errealik aplikatu; kasurik onenean, Israelen existentzia zalantzan jartzen ez duen Palestinaren aitortza sinbolikoa bakarrik egin dute. Israelek bere helburuak lortu ez baditu, hori erresistentzia palestinarraren ahaleginari esker izan da.
Kalera aterako gara, beraz, aurpegi zuriketara bideraturiko diskurtso hutsalak darabiltzaten agintari konplizeak seinalatzera eta beraiek presionatzera, baita erresistentzia palestinarraren defentsarako zilegitasuna aldarrikatzera ere.
Donostiaren kasuan, bihar, ostirala, 18:00etan Saguesen egingo dute mobilizazioa; bertara gerturatzera dei egiten dugu. Hitz gutxiago, ekintza gehiago.