Ilunberako bide iluna

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Etxeberria 'Ministro' 2011ko abe. 7a, 22:18

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa jokatu zen igandean, abenduak 4, Hernanin. Finalerako txartela lortzeko lehia horretan Jokin Uranga zegoen eta nola ez, hari segika eta hark egindako lana jarraitzen, publikoan Haritz Etxeberria 'Ministro'. Beñat Lizasok Tolosan lortutakoekin gertatu bezala, igandean emandako puntuekin ez  dago ados Ministro. Urangak ez zuen lortu aurrera egitea 470 puntu lortuta: "Emaitzak entzutean zuri-zuri geratu nintzen, ezin nuen sinetsi eta amorrazioz jaiki nintzen aulkitik".

Finalaurrekoetako azken saio Hernanin jokatu zen, arratsaldez (17:30), Galarreta pilotalekuan. Giro ederra entzuleen artean, 1.600 lagun sei bertsolariren zain. Lehenengo Amaia Agirre izan zen igotzen, oholtza gainean hartu duen solturaren erakusgarri bere agur bereziarekin eman zion hasiera; berak jarri zion puntua bere buruari eta mikroz aldatuz erantzun zuen. Ondoren Jon Martin genuen, pauso kontatuan poliki-poliki, birikak ez balitu estutu nahi bezala bere bihotzarentzat behar adina toki izan zezan. Jokin Uranga zen hirugarrena, beti bezala urduri, pausu azkarra baina seguruan. Lehoiei haragia ematera zetorrela zirudien eta lanean hasi aurretik etxetik ateratzen ariko balitz bezala amari bi muxu emanez ekin zion. Laugarrena Iñigo Mantzisidor Mantxi izan zen, iruditu zitzaidan pausoak kontatzen abiatu zela eta Ilunberako zenbat eman behar diren jakingo balu bezala, hortzetatik txotxa atera eta, bera ere originala dela erakutsi nahian, Amaiaren agur ia berdina abestu zigun. Bosgarren Inaki Apalategi genuen, erbiaren antzera belarriak tente atera zen, kontuz nirekin esanez, galtzeko beldurrik ez duenak irabazteko gogo asko duela adierazi nahian bezala. Azkena Ainhoa Agirreazaldegi izan zen, kontuz berarekin esanez bere tokia bilatzen asmatuko lukeen bezala.

Puntu erantzunean Jokin ikusi nuen indartsuen, azkar eta seguru. Mantxik nahiz eta lehenengoa entzuleek bukatu, poto egiteko beldurrak eraginda edo, detaile politak utzi zituen eta baita Iñaki Apalategik ere.

Zortziko Handian Jon Martinek eta Amaiak egindakoa nabarmendu zen aldearekin, Amaiak Ranboren zinta kopetan jarri eta gerrara abiatu arren Jonek bere arrosazko fusilarekin erantzun baitzion.

Puntukako saioan ez zen inor nabarmendu denak ere txukun ibili ziren, akatsik ez baina ezta dirdirarik ere.

Ondoren seiko motzari ekin zioten. Hemen dudarik gabe Jokin Uranga izan zen onena nire iritziz. Goitik beheraino egindako bertsoak abestuz, errima oso aberatsak erabiliz eta arrazoituz.

Azkenik kartzelako lanari ekin zioten, gaiak honela zioen: “Urte askoan aurreztutako diru guztia banketxetik ateratzera zoaz”. Bertsolariek oso helduleku desberdinak aurkitu zizkioten gaiari eta ale ederrak entzuteko aukera izan zen. Hemen Iñaki Apalategi nabarmendu zen baina Jokinek ere lan txukuna egin zuen.

Emaitzak entzutean zuri-zuri geratu nintzen, ezin nuen sinetsi eta amorrazioz jaiki nintzen aulkitik. Jokinen azken geltokia izango zen Galarreta eta merezi zuen finalera pasatzea. Lapurreta egin diotenaren aurpegi berdina nuen eta gainera gure herriko tontolapiko kuadrilaren ondotik pasa beharrak zenbaiti pentsatzen nuena esatera behartu ninduen. Ezin da horrela jardun bertso saio batean eta gutxiago txapelketan. Ni naiz lehena trago pare bat pozik hartzen dituena eta orru batzuk botatzen dituena bertsolaria animatzeko, baina karnabaletako abestiak kantatzea errespetu falta handia da eta ezin da onartu! Bertsoaren suaren ondoan egin dezagun dantza, baina ez zapaldu sua eta ez ahaztu bera dela dantzaren arima. Beraz, horrela ibiltzekotan gehiago ez joatea gomendatzen dizuet eta hiri Jokin zorionak egin duan txapelketa txalogarria izan delako eta animo orain hik ere aulkiak jartzera joan beharko dualako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide