Profeta ez, baina bai bertsolari

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Etxeberria 'Ministro' 2011ko aza. 8a, 23:03

Joan den igandean, Izarraitz pilotalekuan Jokin Urangak lehen postua lortu zuen eta, ondorioz, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerdietara zuzenean sailkatu zen. Haritz Etxeberria 'Ministro'k bertatik jarraitu zuen saioa eta bere irudiko, arrazoi zuten epaileek: "Saioa bukatu zenean garbi neukan bakarra irabazlearen izena zen: Jokin!"

Azken urteetako lana hamabost bertsotan epaitzean, nor ez da jartzen urduri? Ba horixe zuen Jokinek ere. Bazakiat prestatuta nagoela finalerdietara pasatzeko; bazakiat kapaz naizela, baina orain frogatu egin beharra zaukaat. Arratsaldean, 17:30ak iristear zeudenean hasi ginen larritzen denak, bertsolari batzuk falta (Unai Muñoa eta Ane Labaka), jendea hurbiltzen hasita baina etorriko ote da nahikoa jende hau dena betetzeko? Hau izan zen arrazoia hasieran jendeari mesedez aurrean esertzeko eskatzeko. Ni naiz lehenengoa gradak nahiago dituena baina uste dut ikuslearen erosotasunaren aurretik dagoela bertsolariarena eta frontoi erdiko hutsuneak min handia egiten duela ez dit inork ukatuko. Kontuak kontu, iritsi ziren Muñoa eta Ane, baita frontoia ederki bete ere, 1.500 lagun elkartu baikinen.

Seiko motzean ekin zioten bertsolariek lan puntuagarriari. Lanik txukunena Urangak eta Xamoak egin zuten, zahar etxe batean zeuden bi adinekoen paperean. Batak familiakoen argazkiz eta opariz beterik zeukan logela; bestearen logelan, aldiz, halakorik batere ez.

Ondoren kopletan egin zuten. Hemen ere Zubeldia eta Uranga moldatu ziren ondoen, baina nire gusturako makalegi, erritmo falta izan zuten. Berriro esan nahi dut oso lan zaila dela; nire ustez saioko zailena. Jokinek, ordea, Zubeldiaren kolpeei eusteko duen gaitasuna erakutsi zuen igandean. Txapelketan puntuek balio duten heinean, egiteak ez galtzeak adina balio du, eta Jokinek horren jakitun dela frogatu zuen. Eutsi eta, aukera dagoean, jo!

Zortziko nagusian txukun aritu ziren denak ere. Haurtzaindegiko langilea zen Apalategi, eta haurra goizeko zazpietan utzi duen eta arratsaldeko seietan haren bila datorren gurasoa da Uranga. Jokinek oso esaldi jantziak erabili zituen eta, gainera, aurreko bertsoaldiarekin lotzea ere lortu zuen.

Bakarkako lanean askotariko gaiak izan ziren. Aurreko arbasoengandik jasotako eraztuna saltzera zihoana zen Jokin. Entzundakoan ez zitzaidan asko gustatu gaia, nahiz eta ez den txarra. Jokini ere gehiegi ez zitzaiola gustatu iruditu zitzaidan, baina bertso politak bota zituen. Ez zen konplikatu gaur egun modan horrenbeste dauden doinu luzeekin eta eskertzen da, asko baikara pentsatzen dugunak esateko adina duzun doinuak erabili behar direla, eta ez luzeak, lastoz beteak eta amaiera polit batekin apainduak.

Bukatzeko kartzelako lana. Hauxe zen gaia: “Bortxatu egin zintuzteten biok. Kostata bada ere, salaketa jarri zenuten. Urtebete pasatu da harrezkero, eta bortxatzailea ez dute epaitu oraindik”. Denak ere nahikoa txukun ibili ziren. Jokin, nire iritziz, ez zen gehiegi busti ondo baitzekien, poto edo akats handi bat ez bazen, berea zela lehen postua.

Saioa bukatu zenean garbi neukan bakarra irabazlearen izena zen: Jokin! Bera izan zen saio osoan lanak ondoen egin zituena; besteak ez ziren gaizki ibili, baina ez zuten Jokinen erregulartasuna erakutsi. Ni oso gustura geratu nintzen, Jokinek erakutsi zidan bertsotan heldutasun maila handia lortu duela eta badakit gehiago egin dezakeela. Zorionak Jokin! Hernanin ohituta hago bertsotan egiten eta, zezenzalea izanik, Ilunbeko zezen plazan toreatu beharra zegok ez? Bitartean egin ezak lo lasai, gauero-gauero.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide