Oier Etxeberria 'Ministro': "Nire obra ez da marko batean jartzen den horietakoa"

Ministro_oier

Oier Etxeberria esanda, agian, inork gutxi jakingo du nor den azpeitiar artista hau. Ministro dela esanda, ziurrenik gehiagok jakingo dute nortaz ari garen. Etxeberriak Gasteizko Montehermoso Kulturgunean ‘LaLana’ erakusketa ireki berri du ekainean. Kultugune horrek arte eta ikerketarako 2010. urtean emadako beka baten bidez burutu zuen proiektua, eta beste 7 sarituekin batera irailaren 18a arte bertan izango da erakusketa. Azpeitira egindako bisita batean izan da Etxeberria Lapikue.net-ekin.

LaLana’ beka batetik sortutako proiektua da.

Aipatzekoa da, Montehermosok gaur egun Euskal Herriko panorama artistikoan eta, agian, estatu mailan, duen garrantzia. Montehermosok arte eta ikerketarako beka garrantzitsuak ditu, eta horrelako aukera gutxi izaten dira egia esan. Zure proiektuaren dossierra aurkezten duzu, proiektua egin gabe, eta hori saritzen dizute. Diru-saria emateaz gain, gainera, beka horretan zure proiektuaren jarraipena egiten dute, eta elkarlan estu horrek gurea bezalako erakusketa bat sortzen du.

Iazko deialdira dossier pila bat aurkeztu ziren, eta azkenean beka honen bidez mundu osoko 8 lagunek izan dugu gure proiektua gauzatzeko aukera. Indiar bat, mexikar bat… izan dira tartean. Hiru euskaldun ere bagara: Ainize Sarasola oriotarra (This is Love, This is Love?, This is Love!), June Crespo (El rayo verde)iruindarra eta ni. Egia da, beraiek ere garrantzia ematen diotela Euskal Herriko arteari.

Urtebeteko ikerketa ondoren sortu da, beraz, ‘LaLana’. Nondik dator izena bera?

Izenarekin jolastu nahi izan dut. Zerbait esan nahi duen edo ez… Esan beharra dago, proiektuaren metodologian garrantzia handia duela musikak. La musika nota bat da, eta musikak garrantzia du erakusketan, eta la notaren inguruan egindako lan bat ere badago. Lana ere adieraz dezake: la lana euskara eta gaztelera nahastuta izan daiteke. Edo dirua bera ere adieraz dezake. Beraz, izenburuak badu anbiguotasun hori. 

Zeren inguruan egindako ikerketaren ondorioz sortu da erakusketa?

Nire proiektua jendetzaren builaren inguruan planteatu nuen. Batik bat, nik landu ohi ditudan bi fazetak landu nahi nituen: musika eta ikus-entzunezko artea. Jendetzaren ikonografia eta musika nahastu ditut. Elkartzen garenean sortzen den zarata, onarpena, ukatzea… izan ditut kontuan. Soinu horiek musikarekin eta tradizioarekin izan dezaketen lotura bilatzen aritu naiz, eta Gasteizko folklorearen inguruko ikerketa bat ere egin dut. Iradier hango musikariaren lana eta testu ezberdinak ere landu ditut. Besteak beste, Txomin Agirre idazlearen Garoa liburuko zati batzuk ere erabili ditut. Hor agertzen den mitin bateko zati bat erabili dut pieza bat osatzeko. Beraz, gizarte aldarrien inguruko ikerketa izan da, neurri batean nirea.

 Ministro_kuadroa

Azken proiektuetan bezala arte plastikoa eta musika nahasten dituzu hemen ere.

Bai, betidanik gustatu izan zaizkit bi arlo horiek, eta momentu batean biak batera edo gurutza nitzakeela konturatu nintzen. Azken hiru proiektuetan bi arloak nahasten saiatu naiz. Nahastu edo elkartu… biekin egin dut lan.

Eta zergatik gai hori?

Gizarte aldarrien kontu honek historia luzea du. Badu elizarekin edo Jaungoikoarekin lotura, baina hori sekularizatu eta masa mugimenduek ere nola jo duten horra ikustekoa da. Zerbait gurtu behar hori nola asimilatu duen gizarteak; espektakuluetan, kirolean, kontzertu masiboetan… Garai batean erlijio kontu bat zen hori nola aldatu den, eta gaur egun nola ematen den beste eremu batzuetan. Aldaketak interesatzen zaizkit, baina baita jarraipen lerroak ere.

Bistan denez, egin dudan ikerketa ez da soziologikoa, artistikoa baizik. Erakusketaren pieza zentrala Gasteizko hiriaren inguruko audio-guia bat da. Gasteiz gazteleraz Vitoria da, eta izenarekin ere jokatu dut Vitoria, victoria…gaztelerazko izena ere lurralde baten konkistatik dator. Audio-guia hori jarraitzeko zaila da berez. Gero, horren inguruan partitura moduan irudien collage handi bat osatu dut. Azkenean, ikerketa irudien artean dauden berdintasun eta harreman formaletan oinarritzen da. Ikerketa ez da ezer idatzia, testu batzuk idatzi ditut, baina erabat libreak.

Ikerketa hori egitea, nondik bururatu zitzaizun?

Ez dakit. Egia da oso modan dagoela, oso presente dagoen zerbait da. Jendetza biltze horri so egitea modan dagoen zerbait da. Kuriosoa da, ordea, Txomin Agirreren Garoa hartu eta Eibarko plazako mitin horretan eskatzen zenari erreparatu (1912an idatzi zuen, nekazaritza garaitik industrializazio garaira pasatze horretako tentsioa ageri da), eta gaur egungo (ekonomia industrial batetik post-industrial batera pasatzen ari gareneko) kezka asko era asko mantendu egiten dira, eta horrek, zuzenean berriaren eta zaharraren arteko erlaziora garamatza. Azkenean, gauzak lotzen joaten zara buruan, eta proiektu bat egin behar duzunean probak egiten dituzu. Baina egia esan, ez dakit oso ongi nondik sortzen diren ideia horiek, askotan lagunekin hitz egitetik ere bai.

Erakusketa ekainaren 10ean ireki zen, zer moduzko harrera izan du?

Inaugurazioan jende dezente izan zen. Egia da, 8 lagunen proiektuen inaugurazioa izan zela, eta jende asko bildu ginen.

Eta zu ere gustura azken emaitzarekin?

Bai, bai oso gustura nago. Beste lagun batzuk ere izan dira, eta haiek ere kritika onak egin zizkidaten. Oraingoz kritika onak besterik ez ditut jaso. Ea txarrak ere etortzen hasten diren, ikasten joateko.

Musika eta arte plastikoa batera landu dituzu azken proiektuetan, baina aparte ere lantzen al dituzu? Garai batean Akauzazten jotzen zenuen, ondoren beste bide ezberdin bat hartu zenuen. Segitzen al duzu oraindik musika lantzen?

Orain dela urte batzuk, bakarka jotzen hasi nintzen. Ondoren, azken bi urteotan geldirik egon naiz, eta juxtu negu honetan Akauzazteko bateriarekin (Iker Arrazola) pare bat kontzertu eman ditut. Osoko Bilkura taldea sortu dugu. Denera iristea zaila egiten zait, baina gustatzen zait zuzenekoen kontu hori, baina proiekzio handiko taldea da. 

Eta arte plastikoa bakarrik lantzen duzu?

Azken aldian beti soinuarekin nahasten dut. Orain beste proiektu batean nahastuta nabil, eta hor ere musika eta irudia nahasten ditut.

Aurreratu iezaguzu proiektu hori. Zertan ari zara?

Jendetza nola auto-sugestionatzen den eta berak sortzen duen zarata eta egoerak kontuan hartzen segitzen dut. Oraindik hasi besterik ez naiz egin, baina Ezkion izan ziren Ama Birjinaren agerpenaren inguruan egindako, baina desagertuta dagoen pelikula bat da abiapuntua. Milaka lagun bildu ziren, tartean nire amama ere izan zen, eta horren inguruan ari naiz lanean. Esan bezala, hasi besterik ez naiz egin, eta ez dakit zertan bukatuko den.

Orduan, ‘LaLana’-k jarraipena emango dion beste proiektu bat izango du.

Bai. Hasi ditudan proiektu batzuk bukatzeko daudela uste izan dut, beti dago segitzeko zerbait. Proiektu asko eta asko ez dira erakusketa batean bukatzen.

Zuek gehien bat beka bidez lan egiten duzue.

Bai. Esan beharra dago, Euskal Herrian zentzu horretan pribilegiatuak garela. Orain arte laguntza dezente izan ditugu. Baina ez dago zure lanak erosiko dizkizuen galeria pribatuen zirkuiturik, eta, beraz, diru-publikoaren bidez funtzionatu behar dugu. Egia da, nire proiektuetan saltzeko ere ez dagoela ia ezer. Dena fotokopia, Interneten jartzen ditudan soinuak, testuak… dira. Nire obra ez da markoan jartzen den horietakoa.

Euskal herritik kanpo ere mugitzen al zara?

Bai. Pixka bat mugitzen naiz, baina ez gehiegi. Orain bi urte Veneziako (Italia) biurtekoan izan nintzen, beste behin Washington-en (Ameriketako Estatu Batuak) izan nintzen… baina nire karrera artistikoak ez du nazioarteko proiekziorik. Tartean behin, hala ere, izaten da zerbait.

Beraz, orain esku artean dituzun proiektuak Osoko Bilkura musika taldea eta ‘LaLana’ proiektuaren jarraipena dira.

Bai. ‘Lalana’-ren jarraipeneko proiektuak ‘Hirugarren belarria’ du izena.

Lana ere arteari lotuta egiten duzu, Cristina Enea fundazioan.

Azken aldian horrela tokatu zait. Ingurugiro alorrean egiten dut lan, baina egia da programazio kulturalaz arduratzen naizela. Orduan, erakusketak-eta antolatzen aritzen naiz, eta saiatzen naiz, uzten didatenean behintzat, arteak diskurtsoa zehazteko duen gaitasuna erabiltzen.

Ez al zara nazkatzen?

Bai. Baina egia da oso gauza ezberdina dela programatzailea izatea edo sortzailea izatea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide