Badator gure Olentzero

Familian eta lagunartean gozatzeko egunak izaten dira Gabonak. Baina zer da ospatzen duguna? Olentzerorena Oles Aroa da. Neguko solstizioa. Aukera berrien aroa. Biziberritzeko aroa. Olentzero sua da, eta suak urteetako tradizioa du Euskal Herrian. Sanjoanetan udako solstizioa ospatzen dugu suaren bueltan. Eta halaxe, Gabonetan ere, neguko solstizioa ospatzen dugu, Olentzeroren eta Maridomingiren bitartez suaren inguruan. Biziberritu, aukera berriz bete, ez daudenak gogoratu, eta elkarrekin gozatu.

Barandiaran, Satrustegi eta Kapanagaren eskutik, herriaren haria ezagutu eta geure sormenari eraginez, Euskal Herriko ohitura horri eusteko ahalegina egin du aurten Azpeitiko Kultur Mahaiak. Bertako taldeetako kideekin elkarlanean, tradizioak gaurkotu eta transmititzeko ahalegina egin du, eta guzti hori kaleratzeko, Badator Olentzero! ikuskizuna prestatu du. Abenduaren 19an taularatuko dute, 19:00etan Soreasu Antzokian. Herriko taldeek elkarlanean egindako lanaren uzta oparoa izan dugu aurten, eta urtea amaitzeko ere halakoxe bat izango dugu opari. Publiko guztiarentzat, festa giroan.

Hilabete luzez landutako lana taularatzeko eguna izango da abenduaren 19a. Izan ere, hasieratik amaieraraino, herritarrek landutako ikuskizuna izango da. Alaitz Olaizola gidoilariak prestatu du ikuskizunaren gidoia. Aktoreak topatzea izan zen hurrengo lana, arropak martxan jartzea, eta ikuskizunari gorputza emateko musikari, dantzari, abeslari eta abarrekin hitz egin ostean, guztia puntada finez jostea, ondorengoa. Hala, Juan Antxieta musika eskolak, Julian Barrenetxea abesbatzak, Azpeitiko Metal Boskoteak, Azketa taldeak, Itsasi Kultur Taldeak, Sahatsa Dantza taldeak, Lakrikunek, Azpeitiarron Napar Zuzterrak taldeak, haur eta gaztetxoen antzerki eskolak, Mirari Zubizarreta dantzariak, eta herriko beste hainbat aktore, bertsolari eta artistek hartuko dute parte bertan. Denek elkarrekin eta elkarlanean egindako lanaren fruitua izango da.

Herriko kultur taldeekin ez ezik, herritarrekin ere partekatu nahi du Kultur Mahaiak prestatzen ari den ikuskizuna. Geure tradizioari eutsiz eta gaurkotuz. Euskal Herrian biziberritzearen sinboloak dira sua eta ura. Horregatik da Olentzero ere ikazkina, sua lantzen duelako. Suarekin biziberritzeko aukera ematen digulako, eta ez daudenak gogoratzekoa. Guzti horri errepasoa emanez, gaur egungo istorio bat ikusiko dugu taula gainean. Gaur egun, Azpeitiko edozein etxetan kokatzeko moduko istorioa. Publiko guztiarentzat egokia, eta gogoetarako gaia ere ematen duena.

Ikuskizunerako sarrerak salgai daude dagoeneko Sanagustin kulturgunean. Hiru euro ordaindu beharko da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide