Antzerkizale Eguna ospatuko da larunbat honetan herrian. Zergatik Azpeitian?
Antzerkizale Eguna urtero ospatzen dugu, eta urtero herri edo hiri ezberdinean izan ohi da. Aurtengoa Azpeitian izango da eta zergatia oso esanguratsua da EHAZErentzat; batetik, gure egoitza Azpeitian dago, eta bestetik, Oholtzaberri proiektuaren lehen harria jarriko dugu.
Zein egoera bizi du antzerkigintzak herrian?
Azpeitiak antzerkigintza ibilbide oparoa izan du, beti izan da antzerki talderen bat bizirik eta honek euskal antzerkiari bere fruitua eskaini dio hainbat aktorerekin, asko oso izen ezagunekoak, Kontxu Odriozola, Pedro Otaegi, Nagore Aranburu eta abar luze bat. Eta honek zaletuengan ere sortu du mugimendu indartsu bat.
Gaur egun, inoiz baino indartsuago dagoela esango nuke, hainbat antzerki talde daude eta hainbat aktore, herri-antzerkian zein profesionalki aritzen direnak. Programazioa ere urte guztira zabaldu da, gaztetxean, Sanagustinen edo Soreasu antzokian topatu dezakegu noiznahi antzerkia ikusteko aukera. Eta hau herri ikuspegitik begiratuta bakarrik, bailarako ikuspegia hartuko bagenu, eskaintza areagotzen baita.
Nolakoa izan da egunaren antolaketa prozesua?
Egun hauek antolatzea ez da erraza izaten, beti izaten dira azken orduko aldaketak edo oztopoak, baina beti dago norbait laguntzeko. Bertan dauden indar guneetan babesten gara eta bailara honetan bada non babestu.
Zein helburu ditu?
Antzerkizale Eguna antzerkia maite dugunontzako festa bat da, festa irekia, aktore, ikasle, afizionatu, zale... edonork har dezake parte. Urtero saiatzen gara lekuan lekuko zaletasunari erreparatzen, eta urtero omenaldi txiki bat egiten diogu norbaiten antzerki ibilbideari. Eta aurtengo omendua Pedro Otaegi izango da.
Zertaz gozatu ahal izango dute herritarrek?
Arratsaldean herriko Txantxalgara taldeak Mitologiaz ahaztu al gara? antzezlana estreinatuko du Sanagustinenkulturgunean, 16:30ean. Eta gauean, Antzerkizale Galaz gozatu ahalko dute: 'Oholtzaberri, lehen harria', sorpresaz betetako gala bat izango da. Amaieran, Pedro Otaegiri saria emango diogu.
Eta datorren asteburuan, XXXIII. Euskal Antzerki Topaketak abiatuko dira. Honen pizgarri izan al daiteke Antzerkizale Eguna?
Bai noski, data ezin hobea da Antzerkizale Eguna ospatzeko. Euskal antzerkia hain bizirik dagoen topaketa hauen txupinazoa ematera etorri garela esan daiteke.
Egitarau zabala izango da aurtengo topaketetan ere, besteak beste, Eskutitzak obraren estreinaldia eta III. Antzerki Eskolen Eguna. Zerbait aurreratu dezakezu hauetaz?
Bai, hala da, aurtengo Antzerki Topaketak oso barrenetik biziko ditut. Batetik, Eskutitzak antzezlana estreinatuko dugu azaroaren 7an. Nire aiton-amonen istorioan oinarritzen den antzezlana da hau, 1936an Azkoiti-Azpeitiko herrian kokatzen den istorioa, eta oinarria nire etxetik hasi arren, beste hainbat familiaren istorioak kontatuko ditugu. Maitasun istorio honen bueltan herriko egoera eta garaiko harremanak islatuko ditugu.
Eta bestalde, urtero bezala, III. Antzerki Eskolen Eguna ospatuko dugu Azpeitian. Aurtengo proposamena, baina, bestelakoa izango da: Metrokoadroka kolektiboaren gidaritzapean, kale-orroka entzunaraziko baitugu. 'Ez gara kultura gose, kultura da gosea' esaldia oinarri hartuta, ekintzak bi atal izango ditu: 10:30etik 13:00etara prestakuntza izango da, bufoi tekniketan inspiratua. 13:00etatik aurrera, berriz, kale ekintza poetiko performatiboa.
Urtero bezala, antzerkia ikasten duen edo ikasi nahi duen edonori zabaldua izango da, adin guztientzat. Parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da urriaren 26a baino lehen izena-ematea (info@ehaze.eus), eta arropa zuria, edozein motatako txano bat eta perkusio elementuak ekartzea.