Kultur taldeak (7): Itsasi Euskal Kultur Taldea

"Itsasi lagun talde bat da, familia bat bezalakoa"

Itsasi Euskal Kultur Taldeko kideak, joan den uztailaren 17an, Azpeitiko Soreasu antzokian, ‘Arkupean' ikuskizunean. (Uztarria)

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortan, 7. alea, Itsasi Euskal Kultur Taldearekin. Hilaren 20an zabalduko du ikastaroetan apuntatzeko epea. Ainara Bidal zuzendaritzakideak Itsasiren bueltan sortzen den lagun giroari ematen dio garrantzia.

Irailaren 20an zabalduko duzue Itsasiren dantza eskoletan izena emateko epea.

Bai. Hilaren 20, 21 eta 22an eman ahal izango da izena, gure lokalean: Urola kaleko 6.ean, 17:30-19:00 artean. Haur, gazte eta helduei ematen dizkiegu eskolak. Hain zuzen, aurten 2014. urtean jaiotakoei eta hortik aurrerakoei emango dizkiegu. Informazio gehiago nahi duenak, etor dadila gure egoitzara edo idatz dezala gure postara: itsasieuskalkulturtaldea@gmail.com-era.

Eskolen segitzen al dute apuntatzen direnek?

Umeek hiruzpalau urtean segitzen dute, eta helduek ere jarraitzen dute. Normalez, urritik santomasak arte izaten dira ikastaroak, astegunetan, baina azkeneko urteetan heldu batzuek eskatu dute segitzea, eta aukera eman izan diegu.

Eskolaz gain, Itsasik baditu dantza taldea, ttuntturroena eta musika taldea. Nola daude?

Dantza taldean partaide kopurua aldatu egiten da urtean zehar. Ekitaldi zehatz bat edo festak-edo badaude, jende gehiago izaten gara. Adibidez, karnabaletan 40ren bat lagun biltzen garela esango nuke. Bestela, modu finko batean, 20ren bat gaude gaur egun.

Ttuntturroena?

Talde horretan lehen gehiago ateratzen ziren, baina pandemiak hor ere eragin du. Neskak ibili dira probatzen, eta ikusiko dugu.

Eta musika taldea?

Horko kideak gauza zehatzetarako biltzen dira. Ez da talde egonkor bat, bakoitzak baduelako bestelako zereginik.

Dantza taldean zergatik daude neskak mutilak baino gehiago?

Ez dakit justu zein den arrazoia, baina egia da ez zaigula erraza mutilak ekartzea. Izan zen bolada bat mutil denak futbolera joan zirena. Askoz neska gehiago ditugu, eta dantza batzuk egokitu behar izan ditugu, mutilen partez neskak jarriz.

Zer balio nagusi du Itsasik?

Dantza egiten dugu, eta aipatutako beste atalak ere baditugu, baina, batik bat, Itsasi lagun talde bat da, familia bat bezalakoa. Bertako kideon artean lotura bat sortzen da, eta taldetik aparte ere badugu harremana. 30 urte pasa daramatzat taldean, horietatik 15en bat zuzendaritzan, eta nik beti hori bizi eta jaso izan dut hemen.

Ikuskizun propioak prestatzen dituzue. Azkena, joan den uztailean: Arkupean.

Bai, azkeneko urteetan geuk sortutako ikuskizunak egiten gabiltza. Gai bat hartzen dugu, eta aurrera. Datorren urtean ere espero dugu ikuskizun berri bat aterako dugula.

Euskal Herritik kanpo ere aritzen zarete.

Azkena, aurreko uztailean: Lloret de Mar-en egon ziren, Katalunian, jaialdi batean parte hartzen. Itsasiko kide batzuk seme-alabekin joan ginen. Gaztetxo batzuk ere apuntatu ziren.

Urola kaleko lokal batean zaudete. Zer moduz?

Ondo gaude. Material eta jantzi pila bat dugu, eta horiek gordetzeko almazen egokia daukagu.

Itsasi Euskal Kultur Taldearen datu batzuk:

  • Sorrera: 1977.
  • Egoitza: Urola kalea 6.
  • Harremanetarako: itsasieuskalkulturtaldea@gmail.com.
  • Informazio gehiago, hemen.

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortako aurreko aleak:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide