Gure Amazonas txikia da Iratiko oihana, baina agerikoa da, ene aburuz, jende askok ez duela ezagutzen.
Iratira iritsi nintzen lehen aldia ez zen batere samurra izan. Negua zen eta aterpetik lau kilometrora gelditu zitzaigun autoa, elurragatik. A ze hasiera! Oinez iritsi, ilunak harrapatuta, lur jota, afaldu eta ohera. Baina... hurrengo egunsentian, sinestezina zen talaiatik gure aurrean ikusten genuena. Pagoek, hostoz biluzik baina geruza zuri finez estalirik, apaintzen zuten baso zabala. Edertasunaren erdian harrapatua sentitzen zinen. Goizeko isiltasunak berak areagotu egiten zuen oihanaren dotorezia infinitoa.
Harrez gero, urte gutxitan egin dut kale. Bide batez, saiatu naiz lagunei ere erakusten hain gertu daukagun altxorra. Zenbat pasadizo, gertaera, istorio...
Tourra, Txata, Haritz Odriozola...
Tourra Pirinioetatik pasatzen zela eta, lehen eguna eta gaua Iratin igaro genituen behin. Ilunabarrean kanpadenda zabaldu, 'tia' Norbertaren gisatua jan eta etzateko prest, errekastoko ur-xuxurla entzunez. Baina... Lagun Joxek, kokotea harraskatuz, supituan: "Hi, este..., zea..., esto..., mantie..., e..., mantie". Zera, manta etxean ahaztu! Ordainetan, zabor poltsa erraldoitik etxeko zapatilak, sandaliak, bizikletako oinetako bereziak, mendirako bota handiak eta kaleko zapatilak atera zituen. A ze nolako barre eztanda gaueko isiltasunean!
Beste batean, abuztuko oporraldian, perretxikotara hurbildu ginen Iparraldeko Irati aldera. Eta Bagargiko mendateko tabernara iritsi ginenean, bat-batean: "Aiba. Haamen noarbetarrak. Ze eiten dezute? Perretxikuen truke, afaiye eta ostatue gure kontura. Kar, kar, kar". Hura poza. Txata azpeitiarra zen. Errefuxiatu batzuekin opor egunak pasatzera joanak ziren alokatutako etxolara. Afaria dibertigarria eta luzea izan zen. Haiek Azpeitiko eta bailarako berriak jakin nahi, gu euren bizitzaz galdezka. Biharamona gogor samarra gertatu zen, baina aurkitu genuen erremedioa. Bero sapa saihesteko, Kakuetako arroilan murgildu eta han egon ginen, kietoparao, geure onera etorri arte.
Baina tristura ere ekarri digu Iratik, Ori menditik, zehazki. "Ai, Ori! Hi, oihan erdian errege, ahaltsu, harro, erronkari". Eder; aldian-aldian, ordea, anker. Haritz Odriozola mendizale azpeitiarra heriotzak harrapatu zuen Oriko malda izoztuan duela hamar urte, neguko egun malapartatuan. Oroimen bikoitza utzi zidan Haritzek. Bata mutikotakoa, ikasle ezagutu nuenekoa; baketsua, onbera, irribarre pausatua eta gozoa zuen. Bestea, zendu baino hiruzpalau egun lehenago utzi zidana. Ibai Eder urtegian gurutzatu ginen biok, hura laisterka eta ni oinez, mantso. "Iep", "kaixo", agurtu ginen. Mendizaletasuna zuen pasio eta pasio horren alde lana egin zuen Lagun Onak mendi bazkunaren lehendakari kargutik. Gogoan haugu, Haritz.
Badut Iratiko Robinson Crusoeren kontaketa bat, istorio benetan bitxia, baina hori hurrengo atalerako utziko dugu.