Ibaieder: historian murgilduz (I)

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2019ko aza. 6a, 09:46

Luis Gurrutxagak Uztarria aldizkariaren 2019ko urriko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Uda badoa/joan da eta zubitik ibaiari so nago. Uda eta ibaia. Ibaia eta uda. Txikitako oroimenen iturri. Zenbat jolas, zenbat abentura... Egun santu guztia uretatik irteteke. Eta etxera iritsitakoan... bronka galantak; alde batetik, bustita –sarritan mela-mela–, eta bestetik, berandu iristearren etxeko zitara. Ai, gure ibai oparoa! Igerian ikasteko, Ibaieder genuen eskola bakarra, Errastiko edo Orbegozoko presak, gehienetan. Otargileak ibaiko urez baliatzen ziren putzuak eraikitzeko, gero urte guztian zesta-egurra baldintza egokian iraunarazteko. Labetik atera ondoren ere ibaian uzten zituzten egurrak, malguagoak izateko. Alikante etxeko Joana, emakume prestua, lixiba egitera –hau da, arropak garbitzera– joan ohi zen Antsosoro errekara. Udan, baratzeak egarri zirenean, ibaiari esker asetzen ziren.

Beno, biztanleriaren jokabide okerrak ere nozitu izan ditu. Zorigaiztokoa, ibaia! Ohiko zabortegia izan ohi zen. Joera arruntena, hondakinak jaurtitzea uretara. Ur-emaria franko etortzen zenean, urtean zehar ganbaran pilatutako zaborrak eta abarrak ere zaunpa, ibaira, ura garraiolari efikaz bihurtuz. Total, udek eamango ditxik. Eta alderantziz, urak ekarritako sastrakak mutikoek biltzen zituzten uztailaren 24an Santio Sua egiteko. Bai, bai, ez naiz erratu. Auzoan Santio bezperan egiten zen erreketa, hilabete aurrez San Joan egunez sarrerako ateetan tinkatutako lizar adarrak bilduz eta gauean herriko plazan errez...

Gaur egun, ordea, ibaiak umezurtz daudela dirudi. Bizkarra eman diegun hunkipena daukat. Bazterretako landaretza ur emaria bera 'jaten' ari dela dirudi. Haltzak, panpanoak, intxusak... ibaiaren argitasuna itzaltzen ari dira; nonbait, teknikari adituen aholkuei jarraitu behar.

Burdinolak, errotak, zerratokiak...

Ibaiederren historia, gizalditan atzera joaten bagara, aberatsa, bitxia eta harrigarria da. Igartzola, Olaetxe, Olaberri, Bikola, Errastiola... ola atzizkia edo aurrizkia daramaten ibai ertzetako etxe izen ugari topatzen dugu. Arrasto horiek eta jakingurak bultzatuta, txundiduraz jaso dut informazioa. Eta protagonista gure ibaia, Ibaieder. Euskal Herrian burdigintza aspaldikoa da, XV-XVI gizaldietan gure bailarako ekonomia jarduerarik garrantzizkoena bihurtu arte. Pentsa, Urrestillan bertan hamar burdinola baino gehiago omen ziren garai haietan.

Bizkaitik Beduako ibaiportura ekartzen zuten burdin harria, eta ganaduez baliatuz, gure bailarako oletara. Burdin harria urtzeko sua erabiltzen zuten, eta sua egiteko egur ikatza, eta makinak mugitzeko ura ugari zuen erreka edo ibaia. Eta bailara honek biak zituen: baso ugari eta ura abasto ia urte guztian. Jarraian aipatzen diren gehienak olak dira; krisiak jo zuenean –XVII-XVIII gizaldietan– batzuk errota bihurtu ziren, beste batzuk zerrategi, eta geroago, argindarra sortzeko zentral ere bai: Matxinbentan, Isurola, Igartzola, Ibusaga eta Eurola (XV. eta XVI. mendeetan sortuak); Nuarben, Errastiola, Olaetxe eta Igareta (XVI, XVII eta XVIII); Aratzerrekan, Ibarrola, Olaberri eta Aratz (azken hori burdinola zaharrena, 1377koa); Urrestillan, Bikola, Zuola, Ugarte, Baxenarkoa, Katu-Errota, Olajaungoa, Ibarluze, Olatxo, Toberagile, Larrañaga eta Garagartza (azken bi horiek, errotak).

Gure Ibaiederren istorio eta pasarte gehiago ditugunez, hurrengo atalean kontatuko ditugu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide