Hainbat aburu

Manuel Atejada Zugazabeitia

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2021ko ira. 2a, 08:25

Asturiasen 1934an matxinatutako meatzariak, 'Turquesa' itsasontzian iritsitako armekin.

Luis Gurrutxagak 2021eko abuztuko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Eta irakurleak galdetuko du: "Eta zein da Manuel hau?". 36ko gerrak, hainbat gerrak bezala, hamaika istorio utzi digu. Ekarri dudana interesgarria iruditu zait, euskal protagonista baten kontakizuna delako, gertutik kontatua; hain zuzen ere, pertsonaiaren seme Imanolen eta Sara birbilobaren ekarpenetan oinarritutako idatzia da.

Manuel Atejada Zugazabeitia. "Nire aita Algortan jaio zen 1895ean, eta marinel familiakoa izaki, gazte zelarik itsasontziko kapitain titulua lortu zuen", dio seme Imanolek. Abertzalea eta guztiz konprometitua Euskal Herriarekin, 36ko gerraren testuinguruan, Eusko Gudarosteko buruzagietakoa izan zen, eta Baionako behin-behineko gobernuko ordezkaria. Bankuko ondarea erreskatatu zuena; arte koadroak, urre lingoteak, zilarra eta beste hainbat aberastasun alemanengandik at uztea lortu zuena. Honela jarraitu du Imanolek: "A! Oso garrantzitsua, baita ere, Eusko Gobernuko dokumentazio guztia. Aitaren irizpideak gailendu, eta berari esker, dena atera eta salbu utzi zuen atzerrian. Horregatik guztiagatik, 5.000 frankoko saria jaso zuen Eusko Gobernutik". Eta froga bezala, Lisandro de Latorre garaiko Ogasun kontseilariak luzatutako dokumentua erakusten dit, 1938ko datarekin, non zera dioen: "Lehendakariaren onarpenez erabaki zen diru kopuru hori ematea, jakin arren ez zela nahikoa egin zuenagatik: euskaldunen ondarea arerioen eskuetatik salbatzea". Beste dokumentu batek –1937koa eta Kataluniako eta Valentziako autoritateei zuzendua– zera dio: "Atejadak misio ofiziala martxan jartzeko behar dituen erraztasun guztiak emateko, bera baita arduraduna misio ofiziala gauzatzeko". Dokumetuaren zigilu ofiziala horrela dator: Gobierno provisional de Euzkadi. Delegacion de Bayonne (27-03- 1937). “Begira nolako garrantzia izan zuen aitak", dio harrotasunez eta nostalgiaz.

Asturiasko 1934ko matxinada

Baina 36ko gerra lehertu baino bi urte lehenago, Imanolen aita iheslaria bihurtu zen. 1934ko Urriko Iraultza gisa ezagutzen dugunean, partaidetza zuzena izan zuen prestaketa lanetan. Cadizen itsasontzia erosi, armaz eta munizioz kargatu (300.000 kartutxo, 1.800 esku granada, 24 metrailadore, 500 fusil eta 700 bonba negartiar) eta Asturiasko Nalon ibai aurrera ekarri zuen Turquesa itsasontzia. Gauerdian, kargamenduaren zati bat lehorreratu zutenean, ordea, Guardia Zibilak zapuztu zuen operazioa. Lanak zuzentzen, han bertan, Indalecio Prieto, ministro ohia eta garaian Kongresuko diputatua. Atxilotu arren, aske utzi zuten berehala. Bitartean, ihes egin zuen Atejadak; lehenik Bordelera, eta gero, Suez kanala zeharkatuz, Afrikako Djibutin baztertuta utzi zuen Turquesa itsasontzia.

Eta, familia, Imanol, nola moldatu zen? "Lau arreba eta bi anaia ginen, ni gazteena, eta 1937an lehenik Baionan, eta gero, Ondresen (Landak) bizi izan ginen. Gerra garaian, Baionako Eusko Gobernuko delegaritzan egin zuen lan aitak, Marinako ordezkari gisa, eta 1940an, Marsellan itsasontzia hartu eta familia osoa Argentinara erbesteratu ginen. Badakizu itsasontzian nortzuk zihoazen? Garaiko ziklista onenak, Buenos Airesen lehiatzera: Luciano Montero, Bertola, Loati, Alvarez... A! Eta frantses tropak Oranera! Aitak itsasoan jarraitu zuen lanean, eta bitxikeria bezala, esan hegaluzea jaki bezala ezagutarazi ziela argentinarrei, ordura arte ez baitzuten ezagutzen. 59 urterekin hil zen. Erorikoa izan itsasontzian, sendagileak garrantzirik ez eman, eta hotelean bakarrik hil zen", dio saminez. Joan-etorriko bidaia egin zuen Imanolek. Bost hamarkadaz Argentinan bizi ondoren, familiarekin Euskal Herrira itzuli zen; lehenik Algortara, eta gero, Azpeitira, Manuel Atejada Zugazabeitia 36ko gerrako euskal heroiaren semea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide