Otargintzari buruz luze eta zabal idatz daiteke. Gizakiaren historian, lehen langintza bihurtu zela diote. Duela hamarkada gutxira arte, pisu eta eragin dezentea izan du industriaren esparruan: nekazaritzan, okindegietan, obretan, arrantzan, uzta bilketan... behar-beharrezkoak ziren otarreak. XX. gizaldiaren erdi aldean, Espainiako Estatuan oinarrizko beharretarako ekoizpentzat hartzen zuten. Horregatik, tren bagoietan garraiatzeko fakturazioa egiterakoan, lehentasuna omen zuten otarreek. Bitxia benetan. Gure ingurura etorrita, Ibaieder bailarara, antza denez, XIX. mendean olak desagertu zirenean, otargintzak hartu zuen haren lekukoa, jarduera nagusia bihurtuz: Urrestillan zumezko saskiak egiten zituzten; Matxinbentan eta Nuarben gaztain zumitzezkoak. Azken auzo horretan, kaleko familia guztiek saskigintza zuten ogibide, eta zenbait baserritan nekazaritza eta otargintza uztartzen zituzten. Industrian oro har gertatu denez, makinek ordezkatu dute eskulana. Horrek eta plastikoaren aurkikuntzak ekarri dute gaztain zumitzez egindako otargintzaren gainbehera.
"Gizonak bakarrik langintza honetan?". Hori diot, pasadizo bat gogoratzean. Donostian otargintzari buruz emandako hitzaldi batean, Fermin Leizaola etnografo adituak adierazi zuen gizonak bakarrik aritzen zirela ofizio horretan; emakumearen presentziarik ez zela. Okerreko adierazpena. Halabeharrez, otargile ohi bat entzule han, eta hark zuzendu omen zion esandakoa. Etxeko lantegi bakoitzean, ezinbestekoa izaten zen emakumeen ekarpena. Egia da, otarrea egiteko prozesu luzean, emakumeak lan finetan edo indar gutxiago eskatzen zutenetan aritzen zirela: zumitzak apaintzeko, fintzen, edo azken saskiaren ilarak ehotzen (otarreak josten). Baina gure ezagutzan, baziren gizonen pare lanean aritzen ziren emakumeak, zeregin berberak egiten zituztenak: Joxepa Mendia Landa eta Agustina Landa Mendia, esaterako. Lehena nuarbetarra, 1926koa, eta bigarrena matxinbentarra, bi urte gazteagoa, Matxin pilotarien sagako ama eta amona. Lehengusuak ziren Joxepa eta Agustina, aitaren eta amaren aldetik. "Gure amak –dio Inixiok, Joxeparen semeak– dohain askoren artean, indar esajeraue zuen hatzaparretan, eta gizonen pareko huan. Baina lan finean ere... aparta. Hark apaintzen zituen eho-zumitzak, eta gero denok nahi izaten genian haiekin lan egitea. Baina ederki bereganatzen zizkian berak bakarrik erabiltzeko... kar, kar, kar". Joxepak bere senar Patxiri ofizioa irakatsi beharrik ez zuen izan, ezkondu aurretik lanbidea ondo menperatua zuelako gizonak. Baina ez zen gertatu gauza bera Iñaki Matxinen etxean. Agustinaren senarra Bedaiokoa izaki, Matxinbentara ezkondu zenean, emazteak irakatsi zion ofizioa, 14 urterekin hasia baitzen xextogintzan. "Gerora ere, attek amaren presentzia behar izaten zian zumitzak ateratzeko orduan", dio Iñakik, Agustinaren semeak. "Egurrak puntuan daude (labean berotuta) eta zatoz, Agustina", deitzen zioan aitak. "Ai, ze bizimodu latza zen hura! Gu zazpi anai-arreba izaki, ezagutu nian ama hiru lan batera egiten: lapikoa zaintzen, zumitzak apaintzen eta sehaska hankarekin kulunkatuz umea lokartzen. Auzoko jostuna ere bahuan, eta taberna genuenez, asteburutan berotu galantak hartu behar. Nola demontre konpontzen ziren garaiko amak...!".
Aitortza eta miresmena Joxepari eta Agustinari. Aitortza eta miresmena zor, emakume otargile guzti-guztiei.