Izarraizpetik

Azken sutegietakoa

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2022ko abu. 2a, 08:23

Sutegia. (Pixabay)

Luis Gurrutxagak 2022ko uztaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Mendeetan eta mendeetan iraun duten ofizioak edo lantegiak desagertu edo guztiz eraldatu dira gure ezaguerako urte gutxitan. Horietakoak dira sutegiak. "Sutegiak? Zer dituk sutegiak?". Harriduraz hartu dut neure inguruko ezagun dezentek sutegiez aztarranik ez edukitzea. Beno, Patxi Errementaria ipuin ezaguneko pertsonaiaren aipamena egiteak solaskidea gaira hurbiltzeko balio izan dit. Antza denez, duela 4.000 urte gizakiak metalak manipulatzen eta moldatzen ikasi zuen. Gurera etorrita, XIV. mendean oso garatua zegoen burdinaren industria Urola eta Deba haranetan. Horrek burdin materia anitzen eraldatzea dakar: erremintak, iltzeak, ferrak, burdin hesiak... Oñatin 70 sutegi zeuden XVI. mendean, eta haietako bakoitzean hainbat maisu eta ofizial –sei baino gehiago ez–. Ofizio zeharo gogorra. Gazte, 14-16 urterekin, hasten ziren maisuaren etxean. Oinordetzako lanbidea izan da, hereditarioa, belaunalditik belaunaldira igaro den lanbidea. Guk Nuarben ezagutu genuen sutegia; Julian Alegria zen bertako errementaria. Julian Txiki goitizenez ezagutzen zen, luzera txikikoa zelako, baina izaeraz eta ekimenez erraldoia, benetan.

Julianen familiaren tradizioa errementaritza eta perratzailegintza zen, eta tradizio horrek gutxienez XVIII. mende erdian du jatorria. Julianen herenaitona Juan Bautista errementariaren datak artxiboetan XIX. mende hasieran agertzen dira."Pentsa zeinen garrantzitsuak ziren errementariak –dio Bonik, Julianen semeak–. Azpeitiko Udaleko artxiboetan bederatzi gutun topatu dizkiat –lehena 1813koa–, zeinetan autoritate militarrari erregutzen zaion Juan Bautistaren seme errementari Jose Inazio soldaduskatik libre geldi zedila. Batetik, argudiatzen zen seme bakarra zela familian, eta bestetik, errementari lana egin zezakeen beste inor ez zegoela eta horrek kalte larriak eragin zitzakeela. Erantzunik jaso ote zuen ez zekiagu. Saiatu nauk garaiko artxiboak arakatzen, baina... kale!".

Julianek aita Patxirengandik ikasi zuen ofizioa, hau da, arestian aipatu dugun Juan Bautistaren bilobarengandik. Erruz izaten zuen lana: inguruko baserrietako ganadua ferratzen zuen; otargintzarako tresneria egin, konpondu eta zorroztu; baserrietan erabiltzen ziren tresnak zorroztu eta akatsak konpondu –goldeak, adibidez–. "Beizamako errepidea egin zenean –dio Bonik–, barrenoak ekarri eta hurrengo egunean zorroztuta presto eduki behar izaten zizkian attek, langileak zulaketa lanean hasteko. Beste kuriositate bat kontatuko diat: urtean zehar zorrozten zuen tresneriagatik –urteko zorroztura– baserritarrak hainbat gari anega edo artoa eman behar trukean. Ni seme gazteena nintzenez, behin edo beste joan behar izan nian baserritarrarengana zorra gogoraraztera... kar, kar, kar".

Oraindik present ditut sutegiko imajinak. Eskolatik irtenda, sarritan joan ohi nintzen hauspoari edo zorrozteko erroberari eragitera. Eta oraindik gogoan dut burdin puska ikatzaren eraginez goritzen zenean hedatzen zen usain berezia. Duela 50 urte, gutxi gorabehera, sutegiek desagertzeko bidea hartu zuten. Alegriatarrek sutegia garaje bilakatu zuten. Auzoko festetan antolatzaileek taberna gisa erabiltzen zuten, Sutegi Pub izen nostalgikoa ezarrita, eta sagardotegi garaian, berriz, upela kokatzen genuen, izen berriarekin: Txorrolargo sagardotegia.

Baina goiz baten makina erraldoiak etorri ziren, eta garai bateko sutegia, eraikuntza osoarekin batera, suntsitu egin zuten, etxe berriak egiteko.

(1867-2005) In memorian Ibaiederko azkenetako sutegia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide