Izarraizpetik

Kizkitza

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2022ko aza. 12a, 11:16

2018ko Kizkitzako egunean ateratako argazkia. (Utzitakoa)

Luis Gurrutxagak 2022ko urriko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Zomorro madarikatuaren pean bi urtez egon ondoren, Kizkitzako erromeriara –irailaren 8an– joateko aukera izan dugu aurten. Garai batean jendea trumilka hurbildu ohi zen Mandubiko mendatetik gertu dagoen ermitara, bi isurialdeko erromesak, Goierri zein Urola aldekoak. Beizamatik, Errezildik edo Martirietatik bailarara jaitsi gabe, mendiz inguratzen ziren baselizara. Askok astoa garraio moduan erabiltzen zuten. Asto saski batean eguneko janaria eta abarrak; bestean, umeren bat oreka gordetzeko. Aratzerrekako emakume batek kontatua: "Gu irrikitan egoten ginen, Zumarragako Santa Isabel egunean erromeriara joateko, eta nola ez, Kizkitzara. Baina attek baldintzak jartzen zizkigun: Santa Isabelera joateko artoak jorratuta egon behar, eta Kizkitzarako, berriz, garaiko belar lanak bukatuta. Bestela... etxean gelditu behar. Hura poza eguna iristeko!". Kontu bitxi bat: Ibaiederko auzotarrentzat urteko egun kutunetakoa izan ohi zen, eta kaleko azpeitiarrek, oro har, ez dute eduki Kizkitzako egunarekiko inolako zaletasunik. Hori da izan dudan pertzepzioa.

Zer dakigu Kizkitzako historiaz? Dirudienez, 1622 inguruan eraiki zuten ermita. Normala denez, gertaera eta istorio ugari nozitu ditu hainbat urtetan. Adibidez, 1818an Ezkioko Arantzadi erretoreak, Iruñeko gotzainak eskatuta, txostena idatzi zuen Kizkitzako egunari buruz. Bertan, besteak beste, egun horretan dantza lizunak, borrokak eta liskar ugari egon ohi zirela salatzen zuen. Hori irakurrita, 1820an ermita eraisteko agindu zuen Gotzaindegiak, eta Ama Birjinaren irudia Itsasoko parrokiara jaisteko. Kontua da, irudia Kizkitza inguruan topatu zutela berehala, bazter batean. Gertaera mirakulutzat hartu zuten herritarrek. Handik 30 urtera jakin zen egia: inguruko bi gaztek, ados ez erabakiarekin edo, eta 'bahitu' egin zutela irudia ermitara itzultzeko asmoz, baina gauaren iluntasunak edo auskalo zerk eraginda, beldurrak jota utzi zutela imajina txoko batean.

1959ko abenduaren 28an, hau da, Inozente egunean, tximistaren eraginez, suak suntsitu zuen. Arriarango Joxe Martin kamiolariak, postari eta errekadistak, zabaldu zuen albistea bailara osora, baina... Jendeak entzungor egin zuen Inozente eguna zelako eta postaria bera nahiko txantxazalea zelako. Auzotarren laguntzaz, berreraiki egin zuten baseliza, eta ermitaren ondoan egun dagoen itsasargia kokatu zuten. Antza denez, Tarifatik ekarri zuten ontzioletako hainbat jabek, hain zuzen, duela 60 urte. Asteburuetan urrun samarretik ere suma daitezke jaurtitzen dituen argi distirak. Baina itsasotik hain aldendua egonik, nondik datorkio Kizkitzari 'itsasotasuna' edo marinel kutsua? Zeren, itsasargia ez ezik, Ama Birjinaren imajina txalupan dago ezarria. Nonbait baso ugari zen ermitaren inguruan, eta ontziolako gizonak eta arrantzaleak ohiko bihurtu ziren parajera. Itsasontzi edo txalupak egiteko zura estimatua zuten. Ama Birjinarekiko debozioa, antza denez, zeharo hedatu zen itsasgizon haien artean.

Duela hamarkada batzuk, imajinarekiko debozioa ikaragarria zenean, jabe askok oilanda pareak eramaten zituzten Ama Birjinari eskaintzeko. Oilategietan gaitzik ez zedin hedatu eta urtea oparoa izan zedin erregutzen zitzaion Birjinari. Txoko batean gelditzen ziren animaliak, eta zenbait gazte alproja ederki baliatzen ziren: oilandak lapurtu eta negozioa egiten zuten, tabernariei salduz. Nerabetasuna igaro berriak ginenok ilunabarra noiz iritsiko zain egon ohi ginen. Mandubiko Bentan soinu jotzaileak alegratzen zuen arratsa, eta gu zain-zain dantza lotua noiz hasi eta zortea bagenuen gustuko neskatila topatzeko. Ilunak, ordea, bazekarren tristura eta nostalgia apurra ere. Egun hark markatzen zuen, nolabait esateko, uda bukaera, eta hainbat baserri eta auzotakoak elkar agurtzen ziren, "hurrengo urtera arte" esanez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide