Izarraizpetik

Banda

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2023ko uzt. 6a, 07:11

Azpeitiko Udal Musika Banda.

2023ko ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa.

Bai, musika bandaz, Azpeitiko Udal Musika Bandaz –hizki larriz–, arituko natzaizu oraingoan. 170 urtetik gora dituen bandaz. Nik uste dut gure herriko ondare immaterial gorenetakoa dela. Agian, gorena? Altxor immaterial bizia, hainbat gorabehera jasan-eta –nola ez hainbeste urtetan– guztiz osasuntsu eta kementsu irauten duena.

Banda eta ni. Haurtzarotik dut bandaren erreferentzia. Familian musikariak izanda, ume-umetatik present ditut oroimenak; esaterako, tio Pakorena, hamabi urtez bandako zuzendaria izan zen hura. Oso gogoan dut, anaia nagusiak uniforme jantziarekin zer itxura zuen. Lodikotea bera, Errusiako armada gorriko musikaria zirudien, buruko borobil eta zapalarekin eta gorbata gorria soinean. Nik, ordea, inoiz ez nuen amestu bandakidea izango nintzenik. Baina... topikoetara joz, jubilatu bai... ez, ordea, erretiratu, eta, bada, musika eskolara joaten hasi nintzen, txikitan arrebarengandik jaso nuen solfeo apurrarekin eta anaiaren saxoa lagun hartuta. Betirako nire esker ona bandakide izateko jaso nuen aukeragatik. Aitortu behar dut hasierako entseguetan amildegi ertzean topatzen nintzela. Ulertzeko: kontu bat da txirrinduz bakarrik ibiltzea bide zabalean eta mantso, zeure erara. Beste kontua da ziztu bizian tropelera egokitzea. Eta noski, bandako dinamikak taldera moldatzea eskatzen du, bai ala bai. Piezak jotzeko unean, Maialenek albotik xuxurlatuz: "Luix, si bemola!". Eta Borjak beste albotik isilka-misilka: "Hiii, xuabeago nota hoiyek, piano-piano!". Eta pieza bukatutakoan, zuzendari jaunak: "Luix, kortxeak motzago jo!". Eta ni, ostrukak imitatuz, ezkutatu nahirik, burua makurtuz atril atzean... kar, kar, kar. Pazientzia infinitoa hirea Unai eta... albokoena. Ezagun batek esan zidan entseguetara joaten hasi nintzenean: "Hi bandan? Gazteak bakarrik ibiltzen ez dituk ba...!".

Bi urte inguru hauetan, barrutik ikusi dut zer lan dagoen banda honen guztiaren atzean. Altuna zinegotzi ohiaren hitzek ongi asko islatzen dute 150 urte eta bandari buruz argitaratutako liburu mardulean. Besteak beste zera dio: "... ez dakigu zer suposatzen duen horrelako banda izateak herrian, ezin dugu imajinatu zenbat ordu sartu behar dituzten, zuzendaritik hasita, musika eskolatik bandara iritsi den azken ikasle gaztea, ia ume arte...". Horregatik guztiagatik eta mila arrazoigatik, merezi du banda honen emanaldiez gozatzea, bai Sanagustinen, bai Soreasun ere. Agian, batzuei azken areto hori, erdigunetik "urrun" egiten zaie: Erdikaletik edo Elizkaletik baino, Frontoi Txikitik hurbilago daukazu Soreasura joateko. Besaulki erosoan eseri, aretoak eskaintzen duen soinu kalitateaz baliatu eta gozatu bandak eskainiko dizkizun era guztitako doinuak. Hemengo-hemengoak edo Karibeko kunbiak, betiko piezak edo moderno-modernoak. Oholtzatik armailak estalita sumatzean, musikariari barne zirrara bikoiztu egiten zaio eta oldarkorragoa sentitzen da.

Bandaren historian eta egun, ezin utzi aipatzeke herriko Juan Antxieta musika eskola; musikari berrien harrobi agortezina eta bandaren euskarria. Era berean, Azpeitiko Udala, ezinbesteko sostengua.

Eta bandakideok...: xumeki hartu ninduzuen, eta egun, zuei esker pribilegiatua sentitzen naiz. Betirako nire eskerrik hurbilena eta gorena, zuekin batera partaide izateagatik musikaren pasio eder honetan.

Friedrich Nietzsche poeta eta pentsalari famatuak hauxe zioen:"Musikarik gabe bizitza errorea izango litzateke". Beraz, gora musika, gora bandie, Azpeitikue!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide