Izarraizpetik

Bizartegiko kontuak

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2024ko eka. 5a, 08:40

Bizartegiko tresnak, artikulu honen aldizkariko bertsioaren fotokopia eta Realaren aldeko dekorazioa Jaka saltokiko erakusleihoan. (Nerea Uranga)

Luis Gurrutxagak 2024ko maiatzeko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Azken hamarkadetan, auzo edo udalerri txikietako populazioaren bilakaerak eman duen beherakada nabarmenak auzotarren eguneroko bizimoldea aldarazi du, eta garai batetik zeharo desberdina dela, eraldatuta dagoela, esan dezakegu. Nire auzoan hiru taberna –bakoitza bere dendarekin– eta denda bat ezagutu nituen. Bailara guztia ogiz hornitzen zuen errota eta okindegia ezagutu nituen. Baita ezagutu ere postari zerbitzua, perratzailea, errementaria eta nesken eta mutilen eskola. Herrian (edo auzoan) bertan bizi zen apaiza, Elizaren mandatuak betearazteko. Kaleko etxe bakoitzean otargintzarako lantokia –labe eta guzti– izaten zen garaia ezagutu nuen. Nola ez, baita baserriko ekoizpenekin bizitza ateratzen zuten familia galantak ere. Eta ezagutu... baita herriko bizartegia ere. Eta oraingoan bizartegiko kontu laburrak hona ekartzea bururatu zait, eta bukaeran, irakurleari interesa piztu diezaiokeen gonbit xumea egitea. Hori, idatziaren amaieran...

Julian Alegria Julintxiki aipatu gabe ezin ulertu gure auzoaren historia. Otargintza baldin bazuen ere lanbide nagusia, kontaezinak zituen beste ogibideak edota auzoko beharren ardurak: errementaria eta perratzailea zen bere sutegian; sakristaua; postaria edota auzoko ur horniduraren zaintzailea. Harrokeriarik edo nabarmenkeriarik gabe, apal eta zintzo betetzen zituen herritarrekiko zereginak. Eta... bazen bizargina eta ile apaintzailea ere. "Aittek Azpeitian ikasi zian ilea mozten, Disteneko ile apaindegian, uste diat", dio Julianen seme Xexiliok. "Eta nik aittengandik ikasi nian ofizioa. Zapatu eta jai goizetan izaten huan lanik gehien. Badakik, astean zehar jendeak lan egiten zian, eta orduantxe libre". "Igandean ere bai?", nik, harriduraz. Eta irribarrez dio: "Bai, bai. Lehen meza goizeko zazpietan izan ohi huan, eta bukatu bezain pronto aitte logelara etorrita: Benga moteil, jeiki! Puff, bezperako ajearekin, logure galantarekin, arriba!". Bizartegia eta ile apaindegia baino gehiago zen lantoki hura. Asteko bizarra moztera joaten zirenak, ohituraz, kontu-kontari gelditzen ziren sarri bi ordu luzez, asteari "errepasoa" emanez. Xexiliok hala kontatu du: "Bi gizon aipatuko nizkik istorio kontatzaile apartak zirenak: Juanixio Loetoeta Iturralde. Loeto Txikiye arotza huan, eta baserriz baserri ibiltzen zenez konponketak eginez, bailarako informazio zehatza eta zabala eduki izaten zian. Horrez aparte, Afrikako gerratean ibili zenez, ederki gogoratzen huan nozitu zituen hamaika kalamidadetaz. Iturraldek, berriz, egundoko abildadea zian askotan istorio irrealak fantasiaz hornitzeko eta benetazkoak bezala azaltzeko! 'Ze, Iturralde, hori beste leku baten konta al leike?' entzun beharra izaten zian behin baino gehiagotan. Kar, kar, kar". Jendeak barrundatzen bazuen bizartegian zeudela haiek, nahiz eta ilea moztera ez joan, irrikaz sartzen ziren euren istorioak entzutearren. Balio zuen langela hark inguruko auzoetako berriez ere jakiteko. Izan ere, Matxinbentako, Beizamako edota Urrestillako hainbat baserritar bizarra edo ilea apaintzera Julintxikirenera joan ohi zirenez, albisteak partekatzeko gune perfektua bihurtu zen. A! Bizartegia posta bulego gisa ere baliatzen zuen Julianek.

Gustatuko al litzaizuke Julianek bizartegian erabiltzen zuen tresneria ezagutzea? Ilea urdinduta dutenak aspaldiko oroimenetan murgilduko dira. Gaztetxoek, aldiz, agian, galdetu egin beharko dute, zehazki gailu bat edo beste zertarako den. Bada, maiatzeko hilabetean, zezen plaza ondoan dagoen Jaka dendaren erakusleihoan begizta dezakezu tresneria bitxia. Horixe da egiten zaizun gonbita, irakurle.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide