Izarraizpetik

"Hauzkuan bezela honuzkuan!"

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2024ko abu. 6a, 09:00

Mendiola, Arria III.a, Keixeta III.a eta azken horren aita Julian Aranburu, Nuarbeko txondorra atzean dutela, 2001ean. (Utzitakoa)

Luis Gurrutxagak 2024ko uztaileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

"Tasio filmaren bertsio berritua Cannesko jaialdira iritsiko da", egunkariko albistea da. Kontxo! Duela 40 urte ezagutu genuen Tasio ikazkin nafarraren historia Montxo Armendarizek zuzendutako film arrakastatsuan. Eta film horren oroimenak artikulu hau idazteko bide eman dit. Nik garaiko ikazkinen jarduera ez ezagutu arren, gaiaz testigantza ugari jaso izan ditut gertuko ezagun zaharragoengandik. Gure bailarako jarduera ekonomikoan ikazkintzak bere garrantzia izan zuen. Matxinbentar batek kontatua da honakoa: "Hasi Aratzerreka auzo ingurutik eta Saminoraino hamazazpi txondor martxan ezagututa nagok!".

Ikazkintza –egurretik ikatza lortzea– lanbide zaharra da, belaunaldiz belaunaldi egin izan zena. Beste jarduera batzuek bezala, XX. mende erdialdera gainbehera izan zuen. Benetan lanbide gogorra zen, baldintza deserosoetan aritzen zirelako: basoan egurra moztu eta bildu, tonaka egur multzo metatu, zura piztu eta egosten utzi. Horretarako, egunez eta gauez gain-gainean egon behar izaten zuten zaintzen, egur piloa ez zedin erreta eta kiskalita gelditu. "Bai, benetan bizimodu gogorra", dio Etxezarretak, 80 urtetik gorako auzotarrak. "Ni ume oraindik, 8-9 urterekin, uda partean aitari laguntzera joaten ninduan basora, hilabetez edota hilabete eta erdiz... Egurra bildu, txondorra muntatu, piztu eta hantxe asteak, zaintzen. Lo egiteko lurrean garoa bota, eta gainean hala moduzko estalkia garoz eta abarrez egina, eta gauerdian euria hasten bazen... komeriak! Oso ume oraindik, eta zer azkar gizonduarazten gintuztean", dio Etxezarretak saminki. "A, gogoratzen nauk nora joan zen azken ikatz txondorkada: Zumarragako Orbegozo fundiziora".

Ikazkinen artean arrunta zen nomada bizimodua. Horren harira, auzoko batek kontatutakoa honakoa. Antza denez, ohikoa zen gure inguruko kuadrillak Nafarroako Ameskoako basoetara, Urbasako mugetara, joatea udaberri-udan, ikazkintzan aritzera. Oinez egin ohi zuten joan-etorria. Mandubia gainditu, eta lehen parada Salbatoreko bentan egiten zuten. Mokadua egin, eta sos askorik ez zutelako patrikan, Ameskoako ikazkintza aroa bukatzen zutenean ordaintzekotan gelditzen ziren... Bueltakoan, bentako nagusiak memoria ona, eta zeharkako intentzioarekin: "Zer moduz Ameskoan?". Eta erantzuna: "Hauzkuan bezela... honuzkuan!". Alegia, patrikak oraingoan ere hustuta zituztela, peto jota. Ikazkin alproja samarrak haiek...

Pasadizoak pasadizo, ikazkintzak onura garrantzitsuak ekarri dizkio gure basoari, gure inguruari. Mendiak garbitzeko eta txukuntzeko sistema jasangarria bihurtu zen ikazkintza. Adituak diote, gaur egun pagoa bada Euskal Herrian, ikazkinen lanagatik dela: inausi eta enborrak maila batera moztu, kimu berrietatik adar berriak sortzeko eta abar. Beraz, aitortza eta miresmena gure ikazkin arbasoei.

Aukerarik izan duzu txondor bat piztuta ikusteko? Bada, Oñatiko San Martin auzora joaten bazara, gertutik ikusteko okasioa izango duzu. Txondorra osatzen hilabeteak igaro ondoren, ekainaren 1ean piztu zuten. Txondorraren Bueltan izeneko egitasmoarekin antzinako jakintza transmititzea dute helburu oñatiarrek. Ekintza berdina egin zuten nuarbetarrek duela 23 urte. Mendiola errezildarraren gidaritzapean, Arria III.a laguntzaile, eta, noski, auzotarren ekarpenekin, 36.200 kilo egur erabili zituzten 4.000 kilo ikatz lortu ahal izateko. Txondorra ikuskizun bihurtu zen, bisitari ugari joanez hara prozesuak iraun zuen bitartean. Eta ikuskizuna ere txondorraren ondoan: Arria III.ak eta herriko Keixeta III.ak eskaini zuten aizkora norgehiagoka. Trinitate festa zen, eta jendetzak gozatu zuen ikusmira bitxi harekin: bi aizkolari jo eta ke, eta lekuko gisa, txondorra ketan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide