Duela gutxi, autoan nindoala, itxura zarpaila zuen gizaki bat ikusi nuen zaborrontzia arakatzen. Bizar eta ile luze zirtzilak zituen gizon hark, garai bateko eskale arlotearen irudia.
Hamarkada batzuk atzera joz, gure auzoetan ohikoak ziren eskaleen bisitak. Jendearen karitatearekin edo borondate onarekin bizita, gizon edo emakume haiek ezer gutxi zuten bizitza duin batera iristeko. Baina zergatik iristen ziren hain muturreko bizimodura? Arrazoi bat baino gehiago izan zitezkeen. Landa eremukoak eta baserrietakoak familia ugariak izan ohi ziren, eta etxeko oinordekoa ezkontzen zenean, beste anai-arrebek bizimodua etxetik at bilatu beharra izaten zuten. Gutxi batzuek ezin izaten zuten bizimolde duina lortu, derrigorrez eskale bihurtuz. Beste kasu batzuetan, gizarteko bizitza klasikora ez zirenak egokitzen, askatasun libertarioaren egarri zirelako ziren eskale. Askoren alfer fama ezaguna zen. Dena dela, bizibide latza, maiz ankerra, zuten.
Normalean, eskaleak auzo txiki eta baserri eremuetan higitzen ziren. Autoritate zibilek, lagundu baino gehiago, oztopoak ezartzen zizkieten. Etxez etxe eskean ibiltzeko, herri batzuetan alkateari baimena eskatu beharra izaten zuten. Elizaren jarrera ezberdina zen: predikuetan, txiroei eta behartsuei laguntza eskaintzeko eskatzen zien kristau fededun guztiei. Goierriko Altzagako Marije azpeitiartutako andereak kontatutakoa da hau: "Gure etxean eskaleen zein ijitoen bisitak ugariak izaten ziren, atten eskuzabaltasuna eta karitatea neurri gabekoak baitziren, eta Altzagara iristen zirenean, bazekiten nora joan. Amonak ahia eta taloak prestatzen zizkien, eta zaldiei edo astoei etxe ondoko belardia uzten zien. Lo egiteko txokoa ere egokitua zuten. Bizpahiru egun igarotzen zituzten han. Nik esaten nion: 'Atte, eskaleen eta ijitoen etxea deituko diote gureari!'. Eta berak: 'Gu horrela aurkituko bagina... zer?'. Gure atte oso fededuna eta elizkoia zen". Eta honako hau gure inguruko baserritar batek eskaleei buruz kontatutako pasadizoa da: "Gure baserrira tarteka etortzeko ohitura zian senar-emazte bikote batek. Santanderrekoak hituan Mariano eta Julia. Beti oinez, zakua lepoan hartuta. Noski, erdaraz mintzatzen hituan, eta guk komeriak elkar ulertzeko orduan... Behin, ordea, Mariano beste emakume batekin azaldu huan, eta redios, gure atte sutan jarri huan eta zeharo zakar: 'Puera, puera...'". Ez gehiago hurbiltzeko hara. Jakina, garai haietan banatze kontu hori... sakrilegio galanta, dotrinaren arabera.
Normalean, euren herriko izenez ezagutzen genituen: Toloxa, Alkixa, Ermu, Irura... Bi ditut oroimenean, ohikoak zirenak gure artean: Plaxentxi, zakur zaunkak-eta imitatzen zituena; eta Eibarko Morenito, bere garaian toreatzaile ibilitakoa. Sitsak uxatzeko usain berezia zuten arrautza modukoak saltzen zituen, baita segak zorrozteko arraitzak ere. Jenio bizikoa, batik bat ardoak eragina egiten zionean. Harat-honat ibiltzen zirenez eta albiste ugari jasotzen zutenez, kronista zereginak ere betetzen zituzten, batik bat urruneko baserrietan. Bada... hau, auzotar batek kontatua: Beizamako baserri batean, Irura izeneko eskalearekin –bertsotarako dohainak zituena– afaldu eta sutondoan kontu-kontari denbora luzez omen zeuden. Antza denez, Irura nekatuta oheratu zen, besteak tertulian utziz. Hurrengo goizean, etxekoekin batera gosaltzeko jaiki omen zen. Eskaleak, besteen zain egoten eta etsita, hanka egin omen zuen, baina aurrez sukaldean, ozen, entzuteko moduan, bere bertsolari senaz oihukatuta honakoa: "Oheratu zaitezte atzo bezala, eta jaikiko zarete gaur bezala". Eta drote egin omen zuen.
Burruntxaldi, Perrito, Juana Patata, Toloxa, Juanillo, Arretxe, Alkixa, Segura Motza, Ermu, Hermoxo, Domingo Santua, Plaxentxi, Eibarko Morenito... gure landa eremu eta baserri inguruko ohiko elementu aktiboak izan ziren duela hamarkada batzuk arte, egun desagertuak. Baina, tamalez, horrek ez du esan nahi eskalerik ez dagoenik.