Bai, oraingoan gure Landetaz mintzatzea pentsatu dut, ez Ipar Euskal Herritik hurbil dagoen Landes eskualdeaz –euskaraz ere Landeta–. Nonbait, hango ganaduzaleak etortzen omen ziren hona ganaduak erostera, eta Landetak izena hortik hartuta duen zantzua dago.
Saminduraz dut gogoan Landetarekiko lehen oroimena: 10 urte mukitsurekin, Errege hurrengoko goizeko ilunpetan, Landetako autobus geltokitik Azkoitiko korreuen bidali ninduten Tolosara, kolegiora, barneko ikasle gisa, negar malkoz, beste sei hilabetez ez nintzelako etxera etorriko. Gerora, oraindik praka motzetan, negu giroko abenduko lehen astean, anaiarekin munduko ziklo kros txirrindulari ospetsuenak ikustera joan nintzen Landetara. Eta jada nerabezaro bete-betean, San Eloi festetan, Eganen doinu eztietan murgilduta dantzatzen genuen goxo-goxo baltseoan, okindegiko biltegi erraldoi hartan.
Hamarkada askotxo igaro dira ordutik, eta auzoaren etengabeko eraldaketa ezagutu dugu. Historiak dio Landeta nagusiki baserri girokoa zela. Agian, horregatik, nahiz eta lehen danborradan napoleonez jantzita parte hartu, baserri jatorria aldarrikatu nahi edo, gaur egun danborradako partaideek baserritar janzkera daramate. A! Bazenekien urte batean baserritar jantzia eramatea debekatu egin zietela? Noraino irits zitekeen frankismoaren eragin ankerra! Espainiako gerra bukatu eta auzoa industriagune bilakatzen hasi zen. Etenik gabeko bilakaera izan zuen, hazkuntza ekonomiko izugarria eraginez. Deigarria egiten zait kontu hau: ez eliza edota ermitarik ezagutu izana bertan. Ezta belaunaldi zaharrenek ere. Bada, Gukako efemeride atalean hau agertu da duela gutxi: "Landeta auzoko S. Pedro ermitan, konponketa lanak egitea erabaki zuten". Data: 1671-10-23. Aspalditxoko kontua.
Printza historiko gutxi horiek utzi, eta neure talaiatik gaur egungo bertako giroa islatzea nahi nuke, azaletik bederen. Izarraizko Atea deitu diote Esklaba ondoan eginiko parke dotoreari. Bada, izenak estrapolatuz, Landetari Ibaiederko eta Errezilgo bailarako Ataria, hizki larriz, bigarren deitura gisa jarriko nioke. Asmakizun handitxoa nirea, bai? Azpeitiartua dagoen errezildarrak kontatzen zidan: "Hau dek marka, hau. Baserritik etxera natorrenean, Landetatik pasatzerakoan… bertan gelditu gabe ezin. Derrigorrez parada egin behar". Eta hori da kontua: bai alde batekoak, Urrestilla, Aratzerreka, Nuarbe, Beizama eta Matxinbenta aldekoak; zein bestekoak, Errezilgo edo Elosiagako jendea, oso bezero leialak direla Landetako tabernetan, eguneroko bisitari fidelak. Lagunarterako eta aisiadirako gunerik gogokoena eta... ezinbestekoena batzuentzat? Arratsaldero taberna batean jokoan arituko dira zintzo demonio, tarteka kalapitaka eta birao ozenak jaurtiz. Beste batean, txofer jubilatu taldea ikusiko dugu mahai inguruan, bake onean, egungo eta aspaldiko pasadizoak partekatuz. "Ni Landetak sendatu egiten naik", esaten zidan horietako batek. Urrestillarako bidegorria eginez gero, badu Landetak beste misioa: anoa postuarena, batik bat igandeetan eta jaiegunetan. Bueltatxoa egin eta ugari dira tragotxoa hartzen gelditzen direnak.
Bai krudela izan zela pandemia garaia. Lehenik, ezin joan tabernetara. Gero, tabernariek zerbitzatu bai, baina atarian, barruan ez. Orduan, autoritateari izkin egitearren, zer-nolako elkar hartzea egon zen tabernarien eta ohiko bezeroen artean. Taberna barruan erdi ilunpetan zeudela, sumatu udaltzainak inguratzen ari zirela, eta nagusiaren laguntzaz sotoan ezkutatu beharra; alegia, zapoketan arituko balira bezala [kar, kar, kar!]. Adibide horrek adierazten du zer-nolako feeling-a zegoen/dagoen tabernarien eta ohiko bezeroen artean. Eta… hala jarrai bedi!
Landeta, oi gure Landeta!