Aspergarriak eta astun samarrak gara tabernetako solasaldietan soldaduskako batallitak kontatzen hasten garenean. Zein erraz hitz egiten dugu gure bizitzan galdutako epeaz. Zorionez, atzean utzitako kontuak dira, baina gure auzoetako gazteek zenbat pairatu behar izan zuten zorigaitzeko epe hartan. Zorigaitza baino tragedia galanta, gerra erdian gertatu zirenentzako. Aspaldiko kontuak izan arren, gerrak harrapatutako gertuko bi auzotarren kontaketa ekartzea otu zait.
Esan genezake Joxemai Pagola urte malapartatuan jaio zela, 1919an; izan ere, zazpi urtez behartu zuten soldaduska egitera, gerra zibila pairatuz. Gizon atsegina eta memoria apartekoa zen, tertulietan hamaika kontu jaso genizkion hari. Zahartzaroan, arabieraz hainbat esaldi –agurrak eta abar– segidan esateko adurra zuen, solaskideak aho zabalik utziz. Harrigarriena da non eta nola ikasi zuen: Madrilen! Gerra garaian eta ondorenean bide bazterretako hilotzak jasotzea tokatu zitzaion, zaldia eta karroa erabiliz. Eta laguntzaile gisa arabieraz mintzatzen ziren ipar-afrikarrak zituenez, trebatu egin behar arabiar hizkuntzan! Benetan hizkuntzalari iaioa zen gure Joxemai. Gerra bukatutakoan, Cuenca eta Guadalajara ezagutu zituen, eta lurraldeok orografikoki nolakoak ziren ederki deskribatzen zuen: "Hain harritsuak dituk, ba... ezin aitzurkada bat bakarrik eman. Lurra falta". Azken soldaduskako misioa bitxia benetan: Getariako Askizun talaiari! Handik zaindu behar izaten zituen zenbat itsasontzi joaten ziren mendebaldera, Bizkaia aldera, eta zenbat ekialdera, Donostiaruntz, gero ofizialari parte emateko. Baina itsasontziak ikuskatzeaz aparte, jakin genuen izan zuela tenorea askizuar neskatoren bat-edo maitemintzeko... Kar, kar, kar.
Aukera izan dut hamar urtez soldaduskan egon zen baten historia ezagutzeko ere: Beizamako Girbiztin (Gerbiztain) baserriko Jose Etxezarreta Ezeiza, 1872an jaioa. Eskura dut haren soldaduskako zerbitzu-orria –eskerrik asko, Boni, beste behin–, bertan jasota dago hark soldadu egindako urteetako ibilbide kupidagabea. 19 urte bete berriak, lehenik Donostiara eta handik Santoñara (Kantabria, Espainia) joan zen. Han banderaren zina egin zuen eta garaiko 50 pezeta ordaindu behar izan zituen jantziak ordaintzeko! Hiru urte igarota, behin-behineko baimena eman zioten eta 1895ko martxoan erreserbara pasatu zuten. Gurutz zuriarekin ere saritu zuten, bere portaeragatik. Baina zein patu ankerra harena: urte hartan Espainiaren eta Kubaren arteko gerra lehertu, eta berriro armadak deitu zuen. Habanara iritsita, hirugarren egunerako gizagaixoa frontean zebilen tiroka! Eta horrela hiru urte luzez Kuban, arrisku bizian beti, arrotzak zitzaizkion besteen interesak defendatzen. Espainiak jakineko jipoia hartu ondoren, Kuba utzi beharra izan zuten, eta 1899ko otsailean Cadizko portura iritsi zen. Imajina daiteke zer-nolako nekea eta poza ekarriko zituen gizonak. 1900eko azaroko azken egunera arte ez zioten erabateko lizentzia eman hari. Lagun Xexiliok –Joseren birloba– udak txikitan Girbiztinen pasatu ohi zituen eta ondo gogoan ditu hark kontatutako Kubako pasadizoak: "Izugarrizko patxada zian. Lasaia. Goizean goiz aitzurra hartu sorbaldan eta artajorrara joaten huan, eta nik joan behar izaten nian bazkaltzeko ordua zela abisatzera. Hunkitu ninduan hildako kontuekin: milakak, baina gehienak ez armaz, baizik eta Kubako beroarekin egarriz ito beharrean kutsatutako ura edanda. Askotan, zaldi hankek egindako zulotxoetako ura edanda...". Josek sei seme-alaba izan zituen eta bere baserrian hil zen, zahartzarora iritsita.
Jose eta Joxemai bezala, gerraren neurrigabeko bidegabekeria pairatu zuten guzti-guztiak In Memoriam.