Gaur astebete, uztailaren 1ean, sartu zen indarrean Mozal Legea (Ley Mordaza gazteleraz). Herritarren Segurtasunerako Legea omen da hau. Arau hauste batzuk delitu bihurtu eta zigor zorrotzagoak ekarriko dituena, larritasun mailaren arabera 100 eta 600.000 euro arteko isunak ezarriko baititu. Protesten kriminalizazioa berresten duena: erresistentzia pasiboak, etxe kaleratzeak galeraztea, erakunde eta instituzioen aurrean egindako elkarretaratzeak, escrache-ak... Baimenik gabeko manifestazioak 30.000 eta 600.000 euro bitarteko isunekin zigortuko dituena eta sare sozialen bidezko kexak edo mobilizazioetarako deialdiak kriminalizatuko dituena. Lege horri esker, hedabideetan polizien eta agintarien irudiak baimenik gabe erabiliz gero, 30.000 eurora arteko zigorra jaso daiteke bueltan.
Urte batzuk atzera egin eta gogoratzen dut kazetaritzako gradua ikasi nahi nuela, ezbairik gabe. Zenbat aldiz entzun behar izan nuen ez zela erraza kazetaritzan lan egitea. Entzun behar izan nuen adina aldiz irten zitzaidan entzundakoa sartutako lekutik, eta unibertsitatean hasi nintzen kazetaritzako gradua egiten. Bertan zerbait ikasi badut, klaseetan kazetaritza ez dela ikasten izan da. Kalean ikasten dela.
Zenbat berri. Zenbat protesta, mobilizazio, prentsaurreko, gose greba eta etxe kaleratze. Zenbat festa, parranda, musika jaialdi, Gazte Martxa eta topagune. Zenbat eraso, zenbat erantzun, zenbat aldarrikapen. Zenbat ikasi dudan kalean.
Egoera bat ekartzearren lerro hauetara, irailaren 21ean Loiolan osatutako Herri Harresiarena hartuko dut. Guk bost kamera, beste horrenbeste mugikor, bi mikrofono eta urduritasun asko genituen gurekin gainean. Espainiako hedabideak (Telecinco, Antena3, TVE…) iristearekin batera piztu zen alarma: laster iritsiko zen Ertzaintza. Eta halaxe izan zen. Sirenak jo zuen eta auzipetuei babesa ematea helburu, berehala osatu zuten herri harresia han bildu zirenek. Ertzaintza iritsi zen eta gu, kazetari lanetan genbiltzanok, harresitik urrundu gintuzten. Prentsa txartela erakutsi eta nahikoa ez zela esan ziguten, kordoiaren atzean egotera derrigortuz. Tira, han nintzen, ni baino ia metro bat altuagoko ertzain bat aurrean nuela, kamera lagun. Nire egin beharrarekin hasi nintzen orduan, gertatzen ari zena grabatzen: oihuak, kolpeak, bultzadak, ostikoak, muxuak, elkartasun keinuak. Hiru ordu igaro nituen han, ertzainen aurrean, egiten ari zirena grabatzen.
Irudiek euren kabuz hitz egiten dutela uste dut eta hori zen kazetaritza ikastearekin lortu nahi nuena. Gertatzen ari zenaren berri ematea eta jendea jakinaren gainean egotea. Orain, ordea, hainbat oztopo jarri dizkigute hori egin nahi dugunoi. Mezularia zigortu nahi dute eta horretara dator, nolabait, Mozal Legea: informazio eskubideak urratzera. Aspaldiko kontua da informazio eskubideak urratzearena, eta zer esanik ez Euskal Herrian. Baina niri oraindik asko falta zait ikasteko eta bidean ez dut Mozal Legerik nahi. Ez dut isilik egon nahi. Zuek bai?